Mundua -

Hauteskundeak Turkian

Hauteslekuak itxi dituzte Turkian

Litekeena da Gobernuan egondako alderdiak gehiengo absolutua galtzea. Jakitera emango dituzten lehenengo datuak partzialak izango dira, hasierako inkestak ez baitira egiten.

Turkiarrek parlamentua aukeratuko dute gaurko bozetan. Argazkia: EFE
Emakume bat botoa ematean. Argazkia: EFE
Parlamenturako hauteskundeak Turkian, Erdoganentzat erabakigarriak

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteslekuak itxi dituzte 14:00etan (GMT orduan) Turkian. 54 milioi herritarrek zuten gaur Turkian boza emateko eskubidea Parlamentua berritzeko.

Hauteskunde-kanpainan tentsioa nagusitu da, AKP alderdi islamistak (2002az geroztik Gobernuan dago) oposizioko hiru alderdiei egin beharko baitie aurre: CHP sozialdemokrata, MHP nazionalista eta kurduen aldeko HDP.

Lehenengo datuak partzialak izango dira, hasierako inkestak ez baitira egiten, izan ere, Hauteskunde-Batzordeak debekatu egiten du 18:00ak baino lehen informazioa zabaltzea.

Lehen orduetan, ez da aparteko jazoerarik izan baina, Turkiako hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, bikote bat tirokatu dute Istanbulen, hauteslekutik irtendakoan.

Sabah kazetak jaso duenez, Cetin Oguz koronel erretirodunak eta Asuman Oguz emazteak osatutako bikoteari tiroz eraso egin diete motor batean zeuden bi erasotzailek. Bi biktima ospitaleratuta daude. Dirudienez, muturreko talde ezkertiar batek gizonezkoa mehatxatu izan zuen.

Bestalde, 15 zauritu izan dira bi alderdietako jarraitzaileen artean izandako borrokaldi batean, Sanliurfako probintzian, Turkiako hego-ekialdean, alegia.

Gobernuko alderdiak, babes txikiagoa

Aurreikuspenak betez gero, Recep Tayyip Erdogan egungo presidentearen AKP alderdiak aurreko bozetan baino babes txikiagoa izango du. Inkestek diotenez, AKP alderdia indarra galtzen ari da oposizioko gainerako alderdien aurrean.

Erdogan presidenteak aurreko hauteskundeetako emaitzak hobetzea edo, gutxienez, errepikatzea behar du Turkian sistema presidentziala ezartzeko. Erdoganek presidentearen rola aldatu nahi du eta kargu horri botere exekutibo gehiago eman, baina beste herrialde batzuetan gisa horietako karguek dituzten kontrolak jarri gabe. Horrela, aldaketa hori gauzatzeko 367 diputatu lortu nahi ditu Erdoganek; izan ere, gisa horretan zuzenean Konstituzioa zuzenean aldatzeko aukera izango luke.

Hauteskunde hauetan kurduen botoa erabakiorra izango da. Inkesten arabera, Herrien Alderdi Demokratikoak (HDP) 30 eserleku lortuko ditu AKp alderdiaren kaltetan.

Herritar Errepublikanoen Alderdi sozialdemokratari (CHP) aurreko bozetan baino emaitza hobea iragartzen diote inkestek. Hala, horiek betez gero, botoen % 23 eta % 29 eserleku artean lortuko ditu, normalean % 20aren bueltan gelditzen denean.

Bestalde, Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak (MHP) botoen % 16 eta 18 artean lortuko omen ditu, 2011ko bozetan baino hiru edo bost puntu gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea