Mundua -
Hauteskundeak Mexikon
Protestak eta boikota, Mexikoko hauteskunde eguneko protagonistak
83,5 milioi mexikar daude botoa ematera deituta 2.016 kargudun aukeratzeko: gobernadoreak, alkateak, diputatu lokalak eta federalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mexikon hauteskunde lokalak eta federalak dituzte igande honetan eta eguna gorabehera batzuekin hasi da, batez ere, irailaren 26tik falta diren 43 ikasle mexikarren gurasoak bozen kontra egiten ari diren boikota dela-eta; izan ere, Mexiko hegoaldeko Oaxaca estatuko hainbat tokitan boto-kutxak suntsitu eta boto-paperak erre dituzte.
Gabino Cue Oaxaca estatuko gobernadoreak berri eman duenez, "gorabehera txiki" batzuk izan dira Tehuantepec, Juchitán eta San Blas Atenmpa herrietan, hain zuzen ere, hainbat boto-kutxa erre dituzte.
Are gehiago, hauteskundeak bertan behera utzi dituzte Tixtla, hau da, 43 ikasleen herrian boikota tarteko. Hala, urriaren 4an egingo dituzte bozak herri horretan.
Ikerketa ofizialaren arabera, irailaren 26ko gauean polizia ustelek Ayotzinapa eskolako 43 ikasle atxilotu eta krimen antolatutako kideen esku utzi zituzten eta, gero, hil eta erraustu egin zituzten. Ikasleen gurasoek eta lagunek ez dute bertsio ofiziala sinisten eta 43 gazteak bizirik itzultzea eskatzen dute. Auziari lotuta, gurasoek eta lagunek boikoterako deia egin dute hauteskundeak iruzurra direla eta aurkezten diren hautagaiek droga kartelekin harremanak dituztela argudiatuta.
Bestalde, gorabeherak izan dira Mexiko hegoekialdeko Chiapas estatuan; zehazki, 18 hautesleku erre eta 11 lagun atxilotu dituzte.
Gaurko hauteskundeetan 83,5 milioi mexikar daude botoa ematera deituta 2.016 kargudun aukeratzeko: gobernadoreak, alkateak, diputatu lokalak eta federalak. Mexikarrek 10 ordu izango dituzte bozkatzeko: goizeko zortzietatik (15:00ak Euskal Herrian) arratsaldeko seiak arte (01:00ak Euskal Herrian). Dena den, Mexikon hiru ordu-eremu dituzte eta, horregatik, Kalifornia Behea eskualdean, adibidez, bi ordu geroago itxiko dituzte.
Hamar alderdi politiko lehiatuko dira gaurko bozetan, baina hiru alderdi nagusiak hauek dira: agintean dagoen PRI alderdia, PAN alderdi kontserbadorea eta PRD ezkerreko alderdia.
Bestalde, hauek dira gobernadorea aukeratuko duten estatuak: Hego Kalifornia, Campeche, Colima, Guerrero, Michoacan, Leon Berria, Queretaro, San Luis Posi eta Sonora.