Mundua -
Karachi
Beroaldi batek ia 700 hildako utzi ditu Pakistanen
Pertsona gehienak Karachin hil dira. Ospitaleak larrialdi egoeran jarri ditu Gobernuak. Era berean, ikastetxeak eta bulegoak ixteko agindua eman du Exekutiboak.
Agentziak | Erredakzioa
Beroaldia Sindh probintzia (Pakistango hegoaldea) astintzen ari da batez ere. Dagoeneko lau egun daramatzate 40 gradu baino gehiagoko tenperaturekin. 692 pertsona hil dira, iturri ofizialek jakitera eman dutenez. Toki batzuetan euria egiten hasi da.
Pertsona gehienak Karachin, probintziako hiriburuan eta estatuko zentro ekonomikoan, hil dira. Pertsona ugari hil dira ospitaletan, bero kolpeen eta deshidratazioaren ondorioz. 60 urtez gorakoei kalterik handiena egin die beroaldiak, zentro medikoetako iturriek azaldu dutenez.
Karachiko Jinnah ospitalean 415 pertsona hil dira azken lau egunetan beroak jota, beste 81 ospitale zibilean, 84 Abbasi Shaheeden eta 22 Lyarin. Hiriko beste osasun zentro batzuetan 82 lagun hil dira eta beste 8 probintzi osoan.
Ospitaleak larrialdi egoeran jarri ditu Gobernuak, eta medikuen oporrak bertan behera utzi dituzte. Era berean, ikastetxeak eta bulegoak ixteko agindua eman du Exekutiboak.
Karachiko gorputegi bat. Argazkia: EFE
Ramadana
Iragan ostiralean ramadana hasi zen eta beroaldiak baraualdiaren hasierarekin bat egin du.
Beroaldiak ohikoak dira maiatzean eta ekainean, montzoiaren euriteak heldu baino lehen.
Maiatzaren bukaeran, beste beroaldi batek 2.000 bat hildako utzi zituen Indiako hego-ekialdean.