Mundua -
Eguneko albisteak
Grezia, Unai Rementeria, Euskaltel eta beroa, eguneko lerroburuak
Egunari heldu aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Ezetz esan diote Greziaren hirugarren erreskateari
Greziako Gobernuak eskatutako hirugarren erreskateari ezezkoa eman dio Eurotaldeak. Bart amaitu da Greziak Nazioarteko Diru Funtsari zorra ordaintzeko zuen epea, eta, Alexis Tsipras lehen ministroak aurreratu bezala, ez dute ordainketarik egin.
Greziako Gobernuak, akordioa lortzeko asmotan, beste proposamen bat egin dio Europar Batasunari. Gaur presazko bilera egingo dute Euroguneko kideek, eta Greziarentzat erabakigarria izango den azken proposamen hori aztertuko dute.
Arabak badu ahaldun nagusi berria; Bizkaian gaur aukeratuko dute
Ramiro Gonzalez jeltzalea da Arabako ahaldun nagusi berria. Jeltzaleen eta sozialisten botoekin izendatu zuten diputatu nagusi bigarren bozketan. Gainerako taldeek botoa zuria eman zuten, Irabazik izan ezik (bere hautagaiaren alde egin zuen). Gehiengo osorik ez duenez, gainerako taldeei eskua luzatu die Ramiro Gonzalezek akordioak bilatzeko.
Bizkaian, berriz, gaur aukeratuko dute ahaldun nagusi berria. 09:00etan hasiko da batzarra Gernikako Juntetxean, Unai Rementeria eta Josu Unanue EAJ eta EH Bilduren hautagaien hitzaldiekin. Iluntzean izendatuko dute hamargarren agintaldiko ahaldun nagusi berria. Ezustekorik ezean, Rementeria jeltzalea izango da, sozialisten babesarekin, Bizkaiko ahaldun nagusi berria.
Nafarroan, legealdirako gobernu programa adostu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. Aurreakordioa lortu dute, baina lau alderdi horietako militanteek berretsi beharko dute orain. Adostasun zabala lortu dela azpimarratu du Uxue Barkos presidentegaiak.
Euskaltel, burtsan
Euskaltel burtsara aterako da gaur. 12:00etan, kanpaiari eragingo diote Bilboko burtsan, eta orduan sartuko da euskal enpresa merkatuan. Akzioen prezioa 9,5 euroan finkatu da, eta horrek 1.200 milioi euroko balioa eman dio enpresari. Kapitalaren % 63 aterako du burtsara.
Euskaltelen ordezkaritza duten sindikatuek ez dute begi onez ikusi enpresa burtsara ateratzea.
Segurtasun Legea, indarrean
Indarrean da Mariano Rajoyren gobernuak onartutako zigor kodearen erreforma. Honekin, besteak beste, espetxealdi iraunkor berrikusgarria sartuko da indarrean. Oposizioko talde guztiak kontra agertu dira, eta horren aurkako helegitea jarriko dute Konstituzio Auzitegian, Konstituzioaren hainbat artikulu urratzen dituelakoan.
PPren gobernuak bultzatutako Herritarren Segurtasunerako legea ere indarrean da gauerditik.
Beroa gaur ere, baina ez hainbeste
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur tenperaturak behera egingo du, baina, hala ere, bero handia egingo du. Barnealdean, hego-ekialdeko haizea nagusituko da berriro, eta balio beroenak 35-37 gradura iritsiko dira. Kostaldean, aldiz, goizetik brisa altxatuko da, eta, ondorioz, termometroak beherago geratuko dira, 28-30 graduren bueltan.