Mundua -

HARREMAN DIPLOMATIKOAK

Kubak eta AEBk uztailaren 20tik aurrera zabalduko dituzte enbaxadak

Habanan eta Washingtonen irekiko dituzte enbaxadak, hurrenez hurren. Obamank historikotzat jo du akordioa.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kubako kantzelaritzak AEBk Kubako uhartean duten Interesetarako Atalen Buruaren eskutik (Jeffrey DeLaurentis) Barack Obamaren eskutitz bat jaso du. Eskutitza Raúl Castrori zuzenduta zegoen, eta bertan baieztatu egiten du bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak berrezartzeko erabakia, baita bakoitzaren hiriburuetan misio diplomatiko iraunkorrak irekitzeko asmoa ere.

Washington eta Habanako egoitza diplomatikoak uztailaren 20an irekiko dira,  Kubako kantzelaritzak bere webgunearen bidez jakitera eman duenaren arabera.

Akordio "historikoa",  Obamaren esanetan

Ildo beretik, AEBtako presidente Barack Obamak baieztatu egin du akordio batera iritsi dela Kubarekin harreman diplomatikoak berrezarri (1961ean apurtu ziren) eta herrialde bakoitzeko hiriburuetan enbaxadak zabaltzeko.

Etxe Zuritik eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, "esku artean duguna urrats historikoa da, Kubako Gobernuarekin eta herriarekin harremanak normalizatzeko egiten ari garen esfortzu horretan".

Obamak, gainera, azaldu du datozen hilabeteetan Ameriketako Estatu Batuek Kubarekin "lankidetzan aritzeko modu berriak" aurkitu dituela elkarren arteko interesekoak diren gaietan, besteak beste, "terrorismoaren aurkako borrokan, hondamendien aurreko erantzunean eta garapen-kontuetan".

Onartu egin du orain dela urte bat ezinezkoa zirudiela AEBk Kubarekin harremanak bere onera eramateko hitzarmen bat iragarriko zuenik, arerio historikoak izan baitira Gerra Hotzaren garaietatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak