Mundua -
Wikileaks
AEBk EBZ eta Alemaniako hainbat ministerio ere espiatu zituen
NSAk Alemanian egindako entzuketak hasieran uste zena baino gehiago izan direla argitaratu dute bertako egunkariek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) Alemanian ez zuen bakarrik Angela Merkel kantzilerraren sakelako telefonoa espiatu, duela bi urte jakin zenez. Izan ere, Europako Banku Zentralean (Frankfurten du egoitza nagusia) eta hainbat ministeriotan ere egin zituen entzuketak, Wikileaks auziko agirietan oinarrituta bertako hedabideek gaur zabaldutako informazioaren arabera.
Hori horrela, Suddeusche Zeitung kazetaren esanetan, espioitza 90eko hamarkadan hasi zuen AEBk, eta, besteak beste, Alemaniako Ekonomia, Finantza eta Nekazaritza ministerioak espiatu zituen.
Sigmar Gabriel Ekonomia ministroak adierazi duenez, kezkagarriena ez da ministerioetan entzuketak egin izana, Alemaniako hainbat enpresari ere egin izana baizik.
"Ministerioetan ez dugu espiatzea merezi duen ezer esaten telefonoz; askoz garrantzitsuagoa da jakitea NSAk enpresak ere espiatu zituen", esan du.
2013an jakin zen NSAk Alemanian espioitza egin zuela. Horren ostean, Parlamentuko lantalde batek ikerketa abiatu zuen.
Nolanahi ere, ekainaren 12an, Fiskaltzak artxibatu egin zuen ikerketa judiziala, frogarik ez zutelako.