Mundua -
PETROLIO ISURKETA
BPk 16.847 milioi euro ordainduko ditu Mexikoko golkoko isurketagatik
BP konpainiak behin-behineko adostasuna lortu du Ameriketako Estatu Batuetako agintariekin 2010ean Mexikoko golkoan gertatu zen isurketaren harira jarritako demanda federal eta estatal guztiak ixteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
BP petrolio-konpainiak 18.700 milioi dolar (16.846,95 milioi euro) pagatuko dizkio AEBko Gobernuari eta Alabama, Florida, Louisiana, Mississipi eta Texaseko Estatuei Deepwater Horizon plataforman izandako istriputik bost urte igaro ostean. Mexikoko golkoko kostaldeko bost estatuekin egindako akordioak 400 toki-erakundek baino gehiagok jarritako salaketak barne-hartzen ditu.
Zehazki esateko, BPk 5.500 milioi dolar (4.955,71 milioi euro) ordainduko ditu, hamabost urteko epean, administrazio-isun gisa Ur Garbiaren Legea dela eta. Aldi berean, guztira 7.100 milioi dolar (6.397,36 milioi euro) pagatu beharko dizkio AEBri natura-baliabideei egindako kalteengatik. Kopuru horri gaineratu behar zaizkio leheneratze-lanetarako dagoeneko eman dituen 1.000 milioi dolarrak (901,03 milioi euro).
Horrez gain, 232 milioi dolarreko (209,04 milioi euro) kopuru gehigarria bideratuko da oraindik ezagutzen ez diren natura-baliabideei eragindako balizko kalteak zuzentzeko.
Bukatzeko, konpainiak 4.900 milioi dolar (4.415,12 milioi euro) ordainduko ditu, 18 urtetan zehar, Mexikoko golkoko bost Estatuek jarri zituzten demanda ekonomikoak zein beste era batekoak ixteko, eta beste 1.000 milioi dolar (901,03 milioi euro) 400 tokiko erakundeek jarritakoak konpontzeko.