Mundua -
Kronika
Beldurra 1 - Tsipras 0
Greziako bankuek itxita jarraitzen dute eta, kutxazainen aurreko jende-ilarak murriztu badira ere, beldurraren gerizpea handitzen ari da.
Iratxe Etxebarria | Atenas
Iritsi da eguna. Zazpigarren egunez jarraian banketxeetako ateak itxita daude eta hori da Europar Batasunak 'nai' (bai) edo bere proposamenaren aldeko kanpaina egiteko darabilen armarik eraginkorrena. Zipren estrategia bera erabili zuen bertako gobernuari erreskatea eskatzera behartzeko. Azkeneko egunetan bezala, gaur ere 60 euro bakarrik atera ditzakete greziarrek. Kutxazainen aurreko ilarak murriztu diren neurrian, beldurraren gerizpea handitu egin da.
Kalean 'oxi' (ez) edo hartzekodunen proposamenari ezetz esatearen aldeko mezua nagusi da. Hala ere, gogoratu dezagun: Eskoziako independentziari buruzko erreferendumean ere (pasa den irailean) kalean independentziaren aldekoak nagusi ziren arren, hauteslekuetan gehiago izan ziren horren kontrakoak.
Inkesten arabera, oso txikia da hartzekodunen azken proposamena onartzearen kontra edo alde daudenen arteko distantzia. Dena den, ez da gauza bera gertatzen apustu etxeetan: 'nai'(bai) garaile aterako dela apustu egin dutenak 'oxi' (ez) aterako dela egin dutenak baino gehiago dira. Beldurra garaitzeko arerio zaila dela jakina da.