Mundua -
Iruzkina
"Minister No More!"
Varoufakisek zeregin bat izan du, hartzekodunei esatea Greziako Gobernu hau ez dela Samarasek zuzendu zuena bezalakoa.
Iratxe Etxebarria | EiTB
Txio horrekin eman du bere erabakiaren berri Yanis Varoufakisek, akordioarentzat lagungarri izango delakoan ministro izateari utzi diola. Europako egunkarietan Greziako herritarren % 61ek hartzekodunen proposamenari "OXI" ("EZ") esan diotela albiste den egun berean izan da.
Tsiprasen Gobernuko lehengo Finantza ministroak zeregin bat izan du; hartzekodunei (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) jakinaraztea Gobernu hau ez dela Andonis Samarasek eta Iorgos Papandreuk zuzendu zituztenak bezalakoa. Ez duela orain arte Greziari inposatutakoak bezalako neurririk onartuko, eta are gutxiago Greziaren zorpetze maila handituko duen neurririk (gaur egun BPGaren % 180koa da, eta Eurogunea arautzen duen Egonkortasun Itunak % 60koa gomendatzen du). Mezu hau helaraztea izan du helburu Yanis Varoufakis Finantza ministroak, eta hain argi esan du, ezen hartzekodunen eta bere artean hainbat talka gertatu diren.
Entzutetsuenetakoa duela pare bat hilabete Letoniako hiriburuan, Rigan, Eurotaldeak egindako ezohiko batzarrean izan zen. Giroa hainbeste berotu zen, ezen Jerom Dijssembloem Eurotaldeko presidenteak Alexis Tsipras lehen ministroari deitu zion esateko Varoufakisekin harremana erabat gaiztotuta zegoela eta elkar ulertzea ezinezkoa zela.
Deiari erantzunez, Tsiprasek hartzekodunekin negoziatzen duen taldearen ardura kendu zion, baina ez zuen kargutik kendu, greziarrentzat ministro maitatuenetakoa zela baitzekien.
Ekainaren 26an, Eurotaldearen historian lehen aldiz, ausartuko nintzateke esaten, Varoufakis kanporatu egin zuten batzarretik.
Erreferendumeko emaitzak ezagutu aurretik bazekien berak, Euroguneko hainbat Finantza ministrok eta presidenteak berak ere ez zutela Bruselan berriro ikusi nahi. Baina ezetzak irabazi zuenean, Alexis Tsipras bera konturatu zen, emaitza horrekin, Eurotaldearen hurrengo batzarrera Varoufakis bidaliz gero, edozer gauza gerta zitekeela.
Ministerioa utzi du, baina parlamentari eta Gobernuaren aholkulari izaten jarraituko du. Kargutik kendu dute, baina horren tesiek Tsiprasen gobernuaren oinarri izaten jarraitzen dute.