Mundua -

Chattanooga (Tennessee)

Bost pertsona hil eta hiru zauritu dira AEBn tiroketa batean

Biktimak Itsas Armadako lau soldadu eta sarraskiaren ustezko egilea dira. Ustezko erasotzailea Muhammad Youssef Abdulazeez da. Hiriko Herri Lanen Departamentuan zaindari gisa egiten zuen lan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon armatu batek Chattanoogako (Tennessee) instalazio militarren aurkako erasoa egin du gaur goizean. Tiroketan gutxienez bost pertsona hil eta hiru zauritu dira. Hildakoen artean sarraskiaren ustezko egilea dago.

Biktimak Itsas Armadako lau soldadu eta sarraskiaren ustezko egilea dira, Poliziak baieztatu duenez. Beste hiru pertsona zauritu ditu.

“Gertakaria terrorismo domestikoa izan daiteke”, esan du Bill Killian Tennessee ekialdeko barrutiaren fiskalak. Erasoa zergatik egin duen oraindik ez dagoela argi erantsi du.

Fred Fletcher Chattanoogako Poliziaren buruak prentsaurrekoan egindako adierazpenen arabera, susmagarria “basatia” izan da.

Ustezko erasotzailea Muhammad Youssef Abdulazeez da, CBS telebistaren esanetan. Hiriko Herri Lanen Departamentuan zaindari gisa egiten zuen lan.

Abdulazeezek 24 urte zituen, eta jatorri kuwaitarreko estatubatuarra zen, telebistak segurtasun agentziak aipatuz azaldu duenez.

Bi toki ezberdinetan

Kabriolet batetik, bi leku desberdinetan egin du tiro, lekukoen eta bertako komunikabideen arabera. Antza denez, errekrutatze zentro baten eta Itsas Armadako erreserba zentro baten aurka egin du eraso. Toki batetik bestera 10 kilometro daude.

Tiroketa izan den lekutik gertu dauden negozioak eta ikastetxe bat itxi behar izan dituzte. Errekrutatze zentroaren inguruan, erasotzailea lasai zegoela azaldu du tiroketa ikusi duen lekuko batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak