Mundua -
Eztabaida Erresuma Batuan
Elisabet II.a nazien agurra egiten ageri den irudia argitaratu dute
Irudi horien 'esplotazioa' salatu u Buckinghamek. Bestalde, irudiak argitaratu dituen 'The Sun' egunkariak esan du interes publikoko informazioa dela eta irudiak testuinguru historikoan kokatu dituela
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eztabaida handia sortu da Erresuma Batuan, The Sun egunkariak Elisabet II.a Ingalaterrako erregina nazien agurra egiten erakusten duen bideoa argitaratu ostean.
1933an grabatutako irudiak dira, zehazki, Adolf Hitler agintera heldu zen urtekoak, eta bertan Eduardo VIII.a ikus daiteke haren ilobei -Elisabet II.ari eta haren ahizpa Margaritari- nazien agurra egiten erakusten.
The Sun egunkariak 17 segunduko iraupena duen bideoa argitaratu du. Irudietan Elisabet II.a (7 urte)eta Margarita (3 urte) pozik ageri dira dantzan Balmoraleko lorategietan (Eskozia). Horien osabak besoa gora igo eta nazien agurra egiteko esaten die bi umeei. Halaber, Eduardo VIII.a berak eta Elisabet II.aren amak ere nazien agurra egiten dute.
"Etsigarria da duela zortzi hamarkada grabatutako bideoa eta, ustez, erreginaren familiaren artxibotik ateratako materiala, modu horretan atera eta esplotatu izana", salatu du Buckinghameko bozeramaile batek.
Bestalde, Stig Abell The Sun egunkariko editore nagusiak azaldu du interes publikoko informazioa dela eta irudiak testuinguru historikoan kokatu dituela. Halaber, ez du zehaztu irudiak nola eskuratu dituzten.