Mundua -
Kalifornia (AEB)
15 urteko gazte bat heldu gisa akusatuko dute neskato bat hiltzeagatik
Erruduna dela erabakiz gero, biziarteko kartzela-zigorrari aurre egin beharko lioke, ezin baitzaio heriotza-zigorra ezarri adingabea izateagatik.
Agentziak | Erredakzia
Kalifornia (EE. UU.) kostaldearen erdialdean dagoen Santa Cruz hiriko fiskaltzak jakitera eman duenez, 15 urteko gazte bat pertsona heldu gisa akusatuko dute hiriko apartamentu gune batean zortzi urteko neskatxa bat bortxatu eta hiltzeagatik.
Egiten ari diren ikerketaren arabera, Madyson Middleton adingabeak Adrián Jerry González akusatua ezagutzen zuen. Azken horrek, joan zen igandean, engainuz eraman zuen gurasoekin batera bizi zen bere apartamentura; behin han egonda, sexu abusuak egin zizkion, eta, ondoren, hil egin zuen.
Akusazioaren esanetan, bera bizi zen apartamentu gunearen inguruan patinatzen ari zela desagertu zen neskatoa, arratsaldeko bostak inguruan. Ordubete geroago familiak haren desagertzearen berri eman zuen. Ordurako neska hilda zegoela uste dute ikerlariek.
Agintariek astelehen gauen aurkitu zuten neskatxaren gorputza, eraikineko aparkaleku bateko birziklatze-ontzi baten barruan. González inguru haietatik ikusi zuten, eta, ondoren, atxilotu egin zuten.
Erruduna dela erabakiz gero, biziarteko kartzela-zigorrari aurre egin beharko lioke Gonzalezek, ezin baitzaio heriotza-zigorra ezarri adingabea izateagatik.