Mundua -
Afganistan
Etsaiaren aurrean 'batasunaren alde' egin du buruzagi taliban berriak
Omar mullah hil ostean, Ajtar Mansur mullah talibanen buruzagi berriak egindako lehen adierazpenak izan dira, eta estrategia berdinari eutsiko diotela iragarri du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Afganistango talibanen buruzagi berri izendatu zutenetik, lehen aldiz hitz egin du Ajtar Mansur mullah-k. Horrek esan duenez, "etsaiaren aurrean, batasunaren alde egin behar dugu". Halaber, larunbat honetan zabaldutako grabazio baten bidez iragarri duenez, estrategia berdinari eutsiko diote.
Talibanen sortzailea eta orain arte lider bakarra izandakoa, Omar mullah-ren heriotza berretsi zuten ostegun honetan talibanek. Afganistango Inteligentzia zerbitzuek esan dutenez, duela bi urte berez hil zen.
Talde talibanak ostiral honetan baieztatu duenez, Ajtar Mansur mullah ondorengoa izango da, eta Haibatulá Ajunzada eta Sirajuddin Haqqani izango dira ordezkari militar berriak.
Mansur buruzagi berriak 30 minutuko audio-grabaketa batean zabaldu duenez, egindako lana eskertu dio Omarri, eta talibanek amore emango dutela ukatu du. "Batasunaren alde egin behar dugu lan. Gure artean zatiketa egotea etsaiaren onerako izango da, eta arazoak ekarriko ditu", ohartarazi du, Al Yazira telebista-kateak jaso duenez.
Mansur mullah-k azpimarratu duenez, euren helburuak "'sharia' ezartzea eta sistema islamikoa" izaten jarraituko dira. Horren harira, borrokaren aldeko deia egin du, eperik zehaztu gabe: "dena eginda izan arte, gure jihadak aurrera egingo du".