Mundua -
5. urteurrena
Nola bizi dira 33 meatzari txiletarrak egun?
Duela bost urte 700 metrora harrapatuta geratu ziren meategi baten barruan, baina erreskatatu egin zituzten. Heroiak izan ziren, baina egun ahaztuta daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur bost urte, 2010eko abuztuaren 5ean, Txileko 33 meatzari 700 metrora harrapatuta geratu ziren. 70 egun meategiaren barruan eman eta gero, onik erreskatatu zituzten. Txileko epopeia hunkigarriena izan zen, baina, bost urte joan eta gero, heroi horiek ahaztuta daude, eta langabezia eta prekarietatea nagusitu dira haien artean.
"Oso zaila da lana lortzea, meategien segurtasun neurri txarrak salatuko ditugun beldur baitira enpresaburuak", azaldu du 33 meatzari horietako bat izan zen Omar Raygadak, EFE agentzian egindako adierazpenetan. Horren esanetan, bost urte hauek "oso txarrak" izan dira lanaren ikuspuntutik.
Tragediaren ostean, 33 meatzariek konpromiso ez idatzi bat adostu zuten: "meategi batek segurtasun neurriak urratzen baditu, salatu egingo dugu agintarien aurrean". Horregatik, enpresaburu asko "beldur" dira, eta ez dira meatzari horiek kontratatzera ausartzen.
Horregatik, duela bost urte heroiak zirenak langabezian daude edo aldi baterako lanak egiten ari dira egun. Kasu askotan, diru-sarrerak ez dira nahikoak bizirauteko.
Batzuen kasuan, tragedia are larriagoa da: Victor Zamorak eta Ariel Ticonak etxea galdu zuten martxoan Txile astindu zuten euriteetan.
33 meatzarietatik, gutxi batzuek baino ez dute arrakasta izan ezbeharraren ostean. Horietako bat da Mario Sepulveda, horien artean ospetsuena. Meatzaritzaren mundutik guztiz aldendu zen, eta motibatzeko hitzaldiak eskaintzen lan egiten du gaur egun.
"Inoiz gertatu zaidan gauzarik onena da 32 lankideekin han behean geratu izana. Dena zerbaitengatik gertatzen da, eta istripu horrek balio izan zuen erakusteko munduak bat egitea eta gauza miresgarriak egitea posible dela", esan du Sepulvedak, EFEn eskainitako elkarrizketa batean.
Ostegun honetan, meatzarien istorioa pantailara eraman duen Los 33 filma estreinatuko dute Txilen. Antonio Banderas aktoreak egin du Mario Sepulvedarena. Pelikula horrekin, berriz ere mundua hunkitzen saiatuko dira. Bost urteren ostean, beldur guztiak atzean utzi, eta bizirautea erabaki zuten 33 pertsonen istorioa kontatuko digute.