Mundua -
1945.ean
Nagasakik bakearen aldeko apustua berretsi du, erasotik 70 urtera
Estatu Batuek jaurtitako bonba nuklearrak 74.000 lagun hil zituen, baina, hurrengo urteetan, milaka gehiago hil ziren erradiazioaren eraginez.
Agentziak | Erredakzioa
Nagasakiko hiri japoniarrak eraso nuklearra jasan zuenetik 70. urteurrena izan du gogoan, ekitaldi baten bidez. Agintariek, bertan, Japoniako Konstituzioaren izaera baketsua aldarrikatu dute, Gobernuak egin nahi duen erreformaren aurrean.
Bigarren Mundu Gerrako tragedia Bakearen Parkean gogoratu dute, Gobernu zentraleko eta hiriko ordezkari politikoek, 76 herrialderen ordezkariek eta 'hibakusha'k (AEBek jaurtitako bonbardaketa nuklearretatik bizirik irten ziren pertsonak dira).
Ekitaldia 11:02ean hasi da (02:02 GMT), alegia, 'Fat Man' bonba lehertu zen ordu berean. Minutu bateko isilunea egin dute, Bakearen Kanpaiaren hotsak -biktimen omenez- entzuten ziren bitartean.
Ondoren, Tomihisa Taue Nagasakiko alkateak hitza hartu du eta, bertan, nazioartearekin batera ekoizpen nuklearra geldiarazteko ahaleginak egin ditzala eskatu dio Gobernu zentralari. Halaber, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa egiten ari den Konstituzioaren interpretazioa kritikatu du.
"Askok galdetzen diote euren buruari ekimen hau ari ote den Japoniako printzipio baketsua -gerra baten parte hartzea galarazita daukate- urratzen", esan du alkateak Japoniako Konstituzioaren 9. artikulua dela eta.
"Ezin dugu inoiz printzipio hori aldera batera utzi, Japoniako oparotasuna hortik abiatu da. Ezin ditugu ahaztu gerrak utzi dizkigun oroitzapen lazgarriak", esan du Tauek "Bakearen aldeko Adierazpenean".
Abek eta bere Gobernuak oposizioaren kritikei eta herritarren desadostasunari aurre egin behar diete, Konstituzioaren artikulu baketsu horren interpretazio berria egiteagatik. 68 urtez lehen aldiz, AutoDefentsarako Indarrak (Armada) atzerrian aritzea eta aliatuak defendatzea ahalbidetuko du interpretazio horrek.
1945 urteko abuztuaren 6an egin zuen AEBk historia osoko lehen eraso nuklearra Hiroshimaren kontra eta, handik hiru egunera, bigarren bonba atomikoa jaurti zuen Nagasakiren aurka. Horrezkero, Janponiak atzera egin zuen abuztuaren 15ean eta Bigarren Mundu Gerra bukatu zen.
Bonba hiriaren iparraldean bota zuten, industria sarea kokatuta zegoen lekuan eta 74.000 hiritar hil zituen. Ondoren, hurrengo urteetan, milaka pertsona gehiago hil ziren erradiazioaren ondorioz.
Japoniako bi hiri horien kontrako eraso nuklearrak historia osoan gertatu diren bakarrak dira.
Aurreko martxoan, 183.519 hibakusha zeuden bizirik Japonian eta beste herrialdetan; 1980an, aldiz, ia bikoitza, 372.264.