Mundua -
AEB
Lagun bat larri zauritu da Fergusonen Brownen heriotzaren urteurrenean
Polizia bat ere artatu behar izan dute. Azken egunetako protesten ondoren salbuespen egoera ezarri du Saint Louiseko konderriak Fergunsonen.
Agentziak | Erredakzioa
Bi lagun zauritu dira bart Fergusonen (Missouri, AEB) Poliziaren eta manifestari batzuen artean izandako tiroketa batean. Zauritutakoetako bat oso larri dago, Poliziaren esanetan Michael Brown gazte beltza tiroz hil zuen polizia batek 2014ko abuztuaren 9an, eta hilketa gaitzesteko eta gaztea oroitzeko ekitaldiak izan dira AEBetako hiri horretan.
Azken egunetako protesten ondoren salbuespen egoera ezarri du Saint Louiseko konderriak Fergunsonen.
Eguna berez lasai joan da, baina gauean jendetza bildu da Fergusoneko hainbat kaletan, trafikoa oztopatuz eta dendetako leihoak apurtuz. Polizia manifestariak sakabanatzeari ekin dio orduan, eta une horretan hiru tiroketa izan dira, Poliziaren arabera. Hain justu, 20 urteko gizonezko bat oso larri zauritu da eta polizia agente bat ere artatu behar izan dute, aurpegian ebakiak zituelako. Antza, manifestariek adreiluak bota dituzte eta horietako batekin zauritu da polizia.
Jon Belmar Sant Louis konderriko polizia buruak istiluak gaitzetsi ditu. Haren ustean, bart jazotakoek asteburuan egindako ekitaldiak "lausotu" dituzte; egunotan ez dute inor atxilotu eta ez da liskarrik izan. "Tankera horretako istiluak saihestu nahi ditugu. Lastima bart jazo dena. Herritarrak onik mantentzeko lanetan izan gara egunotan", agertu du Belmarrek.
Igande goizean elkarretaratze isila egin zuten Candfield Green etxebizitza sortaren atarian, han hil baitzuten gaztea. Michael Brown Sr aita buru zutela, lau minutu eta erdiz (Brown hil zen arte lurrean eman zuen denbora, hain justu) isilik egon dira gaztea hil zuten lekuan.
Elkarretaratzea amaituta, bi uso aireratu dituzte han bildutakoek.
Brownen heriotzak AEBko gizartea aztoratu zuen eta Poliziak beltzen aurka izan omen zuen jarrera oldarkorraren inguruko eztabaida ekarri zuen. Hainbat hilabetez protestak izan ziren Missouriko hiri honetan, eta gerora ere, tankerako heriotzak izan dira New Yorken, Texasen, Baltimoren edo Cincinnatin.