Mundua -
Sei hautagai, aurrera
Daniel Scioli, garaile Argentinako hauteskunde primarioetan
Bigarren postua Mauricio Macri Buenos Airesko alkatearentzat izan da, eta Massaren 'Cambiemos' izan da hirugarren bozkatuena.
Agentziak | Erredakzioa
Daniel Scioli ofizialista izan da Argentinako hauteskunde primarioetan boto gehien jaso duen hautagaia. Ondorioz, urrian egingo diren hauteskundeetarako hautagai faboritoa da. Mahaien %62,5 zenbatuta, Buenos Airesko gobernadorea den Sciolik, botoen %36,9 jaso du.
Hauteskunde primario hauetako bigarren postua Mauricio Macri kontserbadorearentzat izan da. 'Cambiemos' alderdiak botoen %31,4 jaso du Buenos Airesko alkatea hautagai moduan izanda.
"Bozkatu gaituztenei eskerrak eman nahi dizkiet, eta bozkatu ez gaituztenei konbentzitzen saiatuko garela esan nahi diet. Argentinaren garapenerako biderik onena gurea dela gogoratu nahi dut", esan du Sciolik. Buenos Airesko gobernadoreak Nestor Kirchnerri eskaini dio garaipena.
Macrik, bestalde, Argentinan alternatiba berri bat finkatzen ari dela azpimarratu du: "Argentinan alternativa berri bat dagoela ospatu behar dugu gaur. 'Cambiemos' hiru hautagairen arteko akordioa baino askoz gehiago da".
Argentinako hauteskunde primarioetako hirugarren postua Sergio Massarentzat izan da. Massak ideiak eta proiektuak bateratzeko proposamena luzatu zien oposizioko hautagaiei.
Guztira, hamabost hautagaik parte hartu zuten hauteskunde primarioetan. Botoen %1,5 beharrezkoa zen hauteskunde orokorretara aurkeztu eta Cristina Fernandezen ondorengoa izateko. Azkenean, sei hautagaik bakarrik izango dute urrian egingo diren hauteskunde orokorretan hautagai izateko aukera.