Mundua -

Atentatu sorta

Bederatzi lagun hil dira Turkian, lau atentatutan

Istanbuleko polizia-etxe bat, AEBk hirian duten enbaxada eta militarren helikoptero eta ibilgailu bat eraso dituzte herrialdearen hego-ekialdean.

Lau hildako Istanbulen, komisaria baten aurkako erasoan

00:40

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atentatu sorta izan da astelehen honetan Turkiako hiri turistikoenean, Istanbulen, eta herrialdearen hego-ekialdean izandako lau atentatutan. Gerra giroa dago Turkian, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren eta Turkiako Armadaren arteko liskarrak areagotu direnetik.

Lehen erasoa AEBk Istanbulen duten enbaxadan jazo da. Emakume bat eta gizonezko bat tiroka sartu dira eraikinean, baina zorionez, ez da inor zauritu. Emakumea atxilotu egin dutela jakinarazi du Poliziak erasoa izan eta ordu batzuetara.

Atzo F-16 motako sei ehiza-hegazkin bidali zituzten AEBk Incirlik hegazkin basera, Estatu Islamikoaren kontrako borrokan aritzeko, nonbait.

Handik gutxira, atentatu suizida izan da Sultanbeyli auzoko polizia-etxe batean. Lau lagun, erasotzailea barne, hil eta 10 zauritu dira. Ekintzaile batek bonba-autoa zartarazi du eraikinaren parean, eta eztandaren ondorioz, eraikinaren fatxada suntsituta geratu da eta kalteak egin ditu inguruko eraikin eta ibilgailuetan.

Handik ordu batzuetara, tiroketa izan da atentatua ikertzen ari ziren poliziak zaintzen ari ziren segurtasun indarren eta bi erasotzaileen artean. Azken biak eta Beyazit Ceken Istanbuleko Poliziaren ikerketa burua hil dira.

Hürriyet egunkariaren arabera, PKK egon liteke erasoaren atzean.

Beste bi atentatu Sirnak eskualdean

Hain justu, PKK-k egindakoak izan litezke, betiere Turkiako Gobernuaren arabera, herrialdearen hego-ekialdean izandako bi eraso. Lau polizia eta soldadu bat hil dira Silopi herrian, zihoazen ibilgailuaren parean lehergailu bat zartarazita.

Bestalde, soldadu bat hil eta beste bat zauritu dira eskualde berean izandako beste eraso batean. Soldaduak zeramatzan hegazkin militarraren kontra misila jaurti dute.

Anadolu agentziaren arabera, Turkiako 30 bat polizia eta 400 matxino kurdu hil dira uztailaren 24ko su-etena bertan behera geratu zenetik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Turkia albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?