Mundua -
Papuan
Desagertutako hegazkin indonesiarraren hondakinak aurkitu dituzte
Aurretik, Oksibileko barrutian izandako balizko talka baten berria jaso du Indonesiako Ministerioak, baso-zonalde batean, alegia. Oraindik ez dakite bizirik atera diren bidaiaririk dagoen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Indonesiako Garraio Ministerioak baieztatu duenez, Papuan galdutako TGN267 hegazkinaren hondarrak aurkitu dituzte. Hegazkinak 54 bidaiari zeramatzan.
Izan ere, Papuako Poliziak baieztatu egin du astelehen honetan bilaketa eta erreskate hegazkin batek antza istripua izan zuen hegazkinaren hondarrak topatu dituela.
"Egia da, AMAren (Elkartutako Misioen Abiazioa) hegazkin batek hondarrak topatu ditu Oksop ur-jausiaren inguruetan", esan du Yunus Wally Bintang mendateen zuzendaritzako buruak. Gaineratu duenez, bilaketa taldeak prestaketa lanetan ari dira, hara joateko.
Aurretik, Oksibileko barrutian izandako balizko talka baten berriak jaso ditu Indonesiako Ministerioak, baso-zonalde batean, alegia. 'Kompas' eta 'Detik' tokiko webguneek jakinarazi dutenez, eguna argitu bezain laster, bilaketa-taldeak bertaratuko dira.
Oraindik ez dakite bizirik atera diren bidaiaririk dagoen.
Hegazkinaren arrastoa Papuako uhartean galduta zuten Indonesiako agintariek, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Trigana Air Service konpainiako helizedun ATR 42 modeloko hegazkina da, eta horren arrastoa galdu zuen kontrol-dorreak hegazkina aireratu eta 34 minutura.
Hegazkinak 49 bidaiari eta tripulazioko bost kide zeramatzan, eta Jayapurako aireportutik atera da arratsaldearen lehenengo orduan, Papuako probintzia indonesiarrean. Hegaldiaren helmuga Oksibileko udalerria zen, Pegunungan Bintangeko barrutian.
Indonesiako hegazkinak, kolokan
Indonesian azken hilabete eta erdian izandako bigarren hegazkin-istripua da oraingokoa. Lehenengo istripu hartan, ekainaren 30ean izandakoan, 141 lagun hil ziren Medango zonaldean, Ipar-Sumatrako probintziako hiriburuan, hegazkina behin aireratuta, handik gutxira behea jo zuenean.
Hegazkin guztiak aztertuko zituela hitzeman zuen orduan Joko Widodo Indonesiako presidenteak. Adituen aburuz, herrialde horretako hegazkinak zaharkituta geratu dira.