Mundua -

3.000 tona gai kimiko bilduta

Tianjinen kiskalitako enpresako buruak atxilotu dituzte

"Enpresa gai kimiko arriskutsuekin jardun zen aldi batean, baimenik izan gabe", esan du enpresako Zuzendaritzako kide batek.

Txinako biltegiaren aireko irudia. Argazkia: EFE
Txinako biltegiaren aireko irudia. Argazkia: EFE
Tianjineko biltegiko presidentea eta presidente-ordea, atxilotuak

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rui Hai International Logistics enpresako presidentea eta presidenteordea atxilotu dituzte, Tianjin Txinako hirian bi leherketa handi izan zituen biltegiaren jabe den konpainiako buruak, CCTV Txinako telebista kate ofizialak gaur, asteartea, jakitera eman duenez.

"Enpresa gai kimiko arriskutsuekin jardun zen aldi batean, baimenik izan gabe", esan du enpresako Zuzendaritzako kide batek.

Besteak beste, Yu Wuewei presidentea eta Li Liang presidenteordea atxilotu dituzte, bertako zenbait hedabidek (Tianjingo Egunkariak, esaterako) plazaratutakoaren arabera. Hiri horretako biltegian izan ziren leherketen ondorioz, 114 pertsona hil dira, eta desagertutakoen kopurua oraindik ez dago erabat argi, baina dozenaka dira.

Baliteke oraindik enpresako kargudun gehiago atxilotzea; izan ere, enpresaren organigramak zeresana eman du. Ciajing aldizkariak astelehenean kaleratu zuenez, konpainia benetan kontrolatzen duena Dong Mengmeng da, eta informazio kontraesankorrak daude presidentearen izenari dagokionez.

Halaber, Txinako Segurtasun Publikoko Ministerioak baieztatu egin du biltegian 3.000 bat tona gai kimiko gordetzen zituztela.

Besteak beste, 800 tona amonio nitrato, 700 tona sodio zianuro eta 500 tona potasio nitrato zeuden bertan bilduta istripua izan zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Txina albisteak