Mundua -

Alemania

Alemaniak baiezkoa eman dio Greziaren erreskateari

Kontserbadoreen artean 'matxinada' txiki bat izan bada ere, gehiengo zabal batek (454 ordezkari) egin du Merkelek defendatutakoaren alde.

Merkelek erreskatearen alde egin du eztabaidan. Argazkia: EFE
Greziaren hirugarren erreskatea onartu du Alemaniak

00:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Parlamentuak (Bundestag) oniritzia eman dio asteazken honetan Greziaren hirugarren erreskateari. Gehiengo zabal batek (454 ordezkari) babestu du Alexis Tsiprasen gobernuak eta hartzekodunek abuztuaren 14an adostutako akordioa.

Espero zen bezala, kontserbadoreen artean erreskatearekin kritiko ziren ordezkari batzuek kontra edo zuri bozkatu dute. Dena dela, erreskate programa Greziarekin negoziatzen hasteko baimena bozkatu zenean kontrako boto gehiago izan ziren (119 izan ziren orduko hartan, eta 113 izan dira oraingoan). 18 boto zuri egon dira.

Osoko bilkura 09:00etan hasi da. Erreskate honen bidez, 86.000 milioi euro jasoko ditu herrialde heleniarrak, erreforma eta nerri fiskal gogorrak bultzatzearen truke; horietako 23.200 milioi Alemaniak jarriko ditu.

Wolfgang Schäuble Finantza ministroak ekin dio saioari, eta erreskatearen aldeko botoa eskatu du. Ministroak adierazi duenez, 86.000 milioi euroko laguntza hori ematea da Greziako ekonomia suspertzeko modu bakarra. Halere, ohartarazpena egin dio Syrizaren gobernuari: adostutako murrizketak "halabeharrez bete beharrekoak dira" euroan jarraitzeko.

"Azken urte eta hilabeteetako eskarmentuaren ondoren, ez dugu auzia ondo aterako den bermerik, eta logikoa da zalantzak edukitzea", aitortu du ministroak.

ministro alemán de Finanzas, Wolfgang Schäuble. EFE

Schäuble, eztabaidaren une batean. Argazkia: EFE

Negoziazioetan aparteko zeresana izan du Alemaniako ministro honek, eta Grezia Eurogunetik kanporatzeko aukera ere babestu zuen duela hilabete.

Erreskateari, argi berdea

Euroguneko zazpi parlamentuen oniritzia eskuan, eta dena ondo bidean, Europako Egonkortasun Funtseko gobernadoreen batzordeak 86.000 milioi euroko erreskatea onartuko du arratsaldean. Telefono bidez egingo duten bilkura batean emango diote argi berdea akordioari, 19:00etan.

Adostutakoaren arabera, 26.000 milioi euroko lehen laguntza bat onartuko du gobernadoreen batzordeak, eta ostegunean bertan 13.000 milioi euro izango ditu Greziak eskudirutan. Hala, Europako Banku Zentralari zor dizkion 3.200 milioi euroak eta 2014ko uztailean jaso zuen maileguari dagozkion 7.160 milioi euroak itzultzeko modua izango du Tsiprasen gobernuak.

Horiekin batera, beste 10.000 milioi euro emango ditu funts horrek Greziako bankuak diruz hornitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania bideoak Angela Merkel argazkiak Greziako berriak