Mundua -

Gatazka

Krisi militarraren inguruan eztabaidatzeko bildu dira bi Koreak

Ostegunean tiroketak izan dira mugan, eta horrek gatazka militarra piztu du berriro. Egoera lasaitzea izango da premiazko bilera horren helburua.

Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea. Argazkia: EFE
Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego eta Ipar Koreako Gobernuek adostu ostean, premiazko goi-bilera egin dute larunbat honetan, azken egunotan berriro piztutako gatazka militarrari irtenbidea bilatzeko. Izan ere, ostegunean tiroketak izan dira mugan, eta horrek urduritasuna piztu du bi Gobernuetan.

Hego Koreak Kim Kwan-jin Segurtasun Nazionalerako Bulegoaren zuzendaria eta Hong Yong-pyo Bateratze ministroa bidali ditu bilera horretara; Ipar Koreak, berriz, Hwang Pyong-so Herri-Armadako mariskalordea eta Kim Yang-gon Hego Korearekiko harremanen goi-arduraduna bidali ditu batzar horretara.

Hitzordua Hego Koreako 18:00etan da (09:00etan GMT orduan), Panmunjom Su-etenaren Herrixkan, Seuleko Presidentetzaren bozeramaile batek jakinarazi duenez.

Joan den ostegunean tiroketak izan dira bi Koreen arteko mugan, eta horrek gatazka militarra piztu du berriro. Azken bi urteetan izandako tentsiorik handiena bizi da orain. Egoera lasaitzea izango da premiazko bilera horren helburua.

Aste honetan, mugatik 440 metrora hiru lehergailuk eztanda egin ostean, Hego Koreako bi soldadu larri zauritu ziren. Horren ondorioz, Hego Koreako Indar Armatuek Kim Jog-unen erregimenaren aurkako propaganda helarazteko bozgorailuak piztu zituen mugan, "guda psikologikoa" deritzoten horri berriro hasiera emanda.

Gauzak horrela, bozgorailu horiek amatatzeko ultimatuma bota zion Ipar Koreak, baina eztabaidarako deialdi horrek ultimatum hori baliogabetu du.

Lehia militarrari eutsi diote Ipar eta Hego Koreak Koreako Gerraz geroztik (1950-1953). Guda hori su-etena bati esker amaitu zen, baina bi Koreak ez zuten inoiz behin betiko bake-itunik sinatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea