Mundua -

Polizia-operazioa

14 atxilotu Madrilen eta Marokon, jihadistak erakartzeagatik

Estatu Islamikorako borrokalariak bereganatu eta bertara bidaltzen zituen sarea osatzen zuten. Agenteak miaketak egiten ari dira.

Agenteak, atxilotuaren etxebizitzaren inguruetan. Argazkia: EFE
Agenteak, atxilotuaren etxebizitzaren inguruetan. Argazkia: EFE
14 lagun atxilotu dituzte Marokon eta Espainian

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Polizia Nazionaleko eta Marokoko Poliziako agenteek hamalau lagun atxilotu dituzte San Martin de la Vegan (Madril) eta Marokoko hiri batzuetan; izan ere, ustez sare bat osatzen zuten, xede izanik Estatu Islamikorako borrokalariak bereganatu eta bertara bidaltzea.

Eferi polizia-iturriek jakitera eman diotenez, elkarren arteko operazioa goizaldean egin dute, San Martin de la Vega udalerrian (lagun bat atxilotu dute bertan) eta Fez, Casablanca, Nador, Alhucemas eta Driouch Marokoko hirietan.

Ikerketak atzerriko borrokalariak erakarri eta bidaltzen zituen sare batean zentratu dira. Borrokalari horiek, gerora, Estatu Islamikoarekin bat egiten zuten, Sirian eta Iraken haren menpean dagoen lurraldera. Horrela jakinarazi du Barne Ministerioak; operazioa zabalik dago oraindik.

Bestalde, Polizia Nazionaleko hamar bat agente jihadistak atzeman eta bidaltzen omen zituen atxilotuaren etxebizitza miatzen ari dira, San Martin de la Vegan (Madril).

Efek baieztatu ahal izan duenez, kaputxadun poliziek atxilotuaren etxebizitza arakatzeari ekin diote, herriko Erribera kaleko 5. zenbakiaren parean. Momentuz, ez dute jakinarazi usteko jihadistaren izena.

Agenteek atxilotuari lotutako mintzaleku bat ere miatzeko asmoa dute.

Hala, Polizia Nazioanalak hesituta dauka oraindik atxiloketa izan den etxearen ingurua. Albistea zabaldu ahala, herritarrak jakin-minez gerturatzen hasi dira.

Estatutik, 126 borrokalari

Uztailaren 28an, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan zuen 126 borrokalari zirela joanak Espainiatik Estatu Islamikoarekin borrokatzeko. Horietatik, 25 zeuden hilik, sakrifikatuta edo gerran.

Aurten, hogei bat operazio egin dituzte terrorismo jihadistaren aurka. Guztira, 50 atxiloketa baino gehiago egin dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Espainia Estatu Islamikoa Jihadismoa albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Maroko