Mundua -
Saudi Arabia
Ehundik gora hildako garabi bat Mekako meskita gainean erori ondoren
Meskita jendez lepo zegoen istripua gertatu den unean. Azken egunetan ekaitzek eta haize-bolada bortitzek astindu dute Meka, eta litekeena horrek zerikusia izatea ezbeharrean.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 107 pertsona hil eta 238 bat zauritu dira gaur garabi bat Mekako meskitaren gainean erori ondoren, Saudi Arabiako agintariek jakitera eman dutenez.
Defentsa Zibileko 15 talde ari dira biktimak erreskatatzeko lanean, Saudi Arabiako Ilargi Gorriko eta Osasun Ministerioko beste batzuekin batera.
Meskita, ohi bezala, jendez lepo zegoen istripua gertatu den unean. Mekako meskita nagusia zaharberritzen eta handitzen ari dira, eta milioika erromesen topalekua da hilabete honetan Mekarako erromesaldia (Hajj) dela eta.
Lanak
Garabiak sarraskia eragin du meskitaren barruan erorita. Meskita zaharberritzen eta handitzen ari dira eta garabia lan horretan laguntzen ari zen.
Azken egunetan ekaitzek eta haize-bolada bortitzek Meka astindu dute eta horrek ezbeharra eragin ahal izan du. Gertatutako ikertzeko batzorde bat osatu dute buruzagiek.