Mundua -
India
Gutxienez 82 lagun hil dira Indian izandako leherketa batean
Larrialdi zerbitzuak lanean ari dira eraikinaren azpian harrapatuta gelditu direnak erreskatatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 82 pertsona hil eta 150 lagun zauritu dira Indiako Madhya Pradesh estatuan izandako leherketa batean, bertako polizia iturriek jakinarazi dutenez.
Leherketa 08:30ean gertatu da (05:00ak Euskal Herrian) Jhabua barrutiko herri batean, Poliziaren bozeramaile baten arabera.
Gas leherketaren ondorioz, eraikina behera etorri da eta larrialdi zerbitzuetako langileak lanean ari dira eraikinaren azpian harrapatuta gelditu direnak erreskatatzeko.
Bestalde, Poliziak ikerketa zabaldu du leherketa zerk eragin duen argitzeko.
Antza denez, gas leherketaren ondoren, beste leherketa bat izan da material piroteknikoa gordetzen zuen alboko eraikin batean, eta hura ere behera erori da, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Dena den, polizia iturriek ez dute eraikina jausi denik baieztatu.