Mundua -
Aita santuaren bisita Kubara
Ideiak beharrean pertsonak zerbitzatzea eskatu du aita santuak
Raul Castrok harrera egin dio Habanan. Igande honetan meza eskaini du, eta Fidel Castrorekin batzartu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ideiak zerbitzatzea baino pertsonak zerbitzatzea eskatu du Frantzisko aita santuak gaur Habanako Iraultzaren plazan eman duen mezan.
Zerbitzu hitzaren benetako esanahia azpimarratu du aita santuak eta zurikeriarekin eta ideologiekin ez nahasteko eskatu du: "Zerbitzuak ez du zurikeria jarrera bat iradokitzen; alderantziz, anaia jartzen du erdigunean: zerbitzuak beti anaiaren aurpegiari begiratzen dio, haren haragia ukitzen du, haren gertutasuna sentitzen du eta zenbait kasutan pairatu ere egiten du. Hori dela eta, zerbitzua ez da inoiz auzi ideologikoa, izan ere, ez dira ideiak zerbitzatzen, pertsonak baizik.
Aita santua 08:00etan abiatu da Habanako Nuntziaturatik Iraultzaren plazara meza emateko. Plazan zain zituen eliztarrei diosala egin die eta, meza eman aurretik, Kuban presentzia duten Kristautasunaren beste sinesmenetako ordezkariekin elkartu da.
Ebanjelioa aldarrikatu ostean, Frantziskok lagun hurkoa zerbitzatzearen garrantzia azpimarratu du gizarte justuago bat eraikitzeko. "Zerbitzatzeak hauskortasuna zaintzea esan nahi du hein handi batean, gure familietako, gure gizarteko eta gure herrietako pertsona hauskorrak zaintzea", ohartarazi du.
Bestalde, kubatarrei mintzatu zaie eta bokazioa zaintzeko, besoak irekita egoteko eta anai-arreben hauskortasuna zaintzeko dei egin die.
Fidel Castrorekin bildu da
Federico Lombardi Vatikanoko prentsa-arduradunak azaldu duenez, aita santua Fidel Castro presidente ohi kubatarrarekin batzartu da igande goiz honetan.
Bilerak 30-40 minutu iraun du, eta opariak elkartrukatu dituzte, liburuak bereziki.
"Gaur eguneko arazoei buruz mintzatu dira, ingurugiroaz" Frantzisko eta Fidel Castro, eta bilera "familiartekoa" izan da, Lombardiren iritziz.