Mundua -

Heriotza zigorra

Emakume bat exekutatu du Georgiak (AEB), lehen aldiz 1945etik

Aita santuak ere zigorra barkatzeko eskatu zuen, baina azkenean, injekzio hilgarria eman diote Kelly Gissendanerri, senarraren hilketa antolatzeagatik.

Gissendaner bart hil da Jacksoneko kartzelan (Georgia, AEB). EFE
Gissendaner bart hil da Jacksoneko kartzelan (Georgia, AEB). EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erruki eskaerei  eta Frantzisko aita santuaren galdeei entzungor eginda, Kelly Gissendaner 47 urteko emakumea exekutatu dute Georgiako agintariek. Gissendaner hiltzera kondenatu zuten duela 18 urte senarra akabatzeko plana antolatzea egotzita.

Emakumea bart hil da Jackson kartzelan (Atlanta hego-ekialdea, Georgia), injekzio hilgarria jaso ostean. 1945etik estatu honetan hiltzen duten lehen emakumea da Gissendaner.

Exekuzio data baieztatu zenetik, haren abokatuek, senitartekoek eta heriotza zigorraren kontrako mugimenduek areagotu egin dituzte zigorra apaltzeko saiakerak. Georgiako Gorte Gorenean eta AEBko Gortean aurkeztutako helegiteak baztertu egin dituzte epaitegiok, baita emakumearen bi semek babestutako barkamen  eskaera ere.

Aita santua berak ere Gissendanerri heriotza zigorra kentzeko eskaera egin zuen, eta berriki eskutitza bidali die estatu honetako agintariei. AEBtik egin berri duen biran, heriotza zigorra indargabetzeko eskatu du.

Hiltzera zigortuta, hilketa berak egin ez arren

Doug Gissendaner senarra hiltzeko plana bururatu zuen emakumeak 1997an, Gregory Bruce Owen amorantearekin batera . Owenek hil zuen gizona, baina honi biziarteko kartzela zigorra "bakarrik" ezarri zioten, emakumearen kontra testifikatu ondoren.

70ko hamarkadan ezarri zuten heriotza zigorra Georgian. Ordudanik ez dute hilketa zuzenean egin ez duen lagunik exekutatu, Gissendaner izan da aurrenekoa. Horrez gain, 1945etik exekutatzen duten lehen emakumea ere izan da Gissendaner. Lena Baker izan zen azkena, duela 70 urte. 2005ean, baina, zigorra barkatu zioten hilketa bere burua defendatzeko egin zuela frogatu baitzen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Aita santua