Mundua -
Guatemala
Gutxienez 85 lagun hil dira Guatemalan, luizi baten ondorioz
Halaber, beste 350 pertsona inguru falta dira. Bestalde, 34 lagun erreskatatu eta 2.500 inguru ebakuatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 85 pertsona hil dira eta beste 350 pertsona falta dira Guatemalako hiriburutik gertu dagoen El Cambray II kokagunean ostegunean izandako luizi batek azpian harrapatuta, hainbat iturri ofizialen arabera.
Ministerio Publikoak emandako azken datuen arabera, oraingoz 85 hilotz errekuperatu dituzte. Dena den, Sergio Cabañas Hondamendiak Murrizteko Koordinakunde Nazionaleko (Conred) bozeramailearen esanetan, 69 dira hildakoak eta, gainera, 34 lagun erreskatatu eta 2.500 inguru ebakuatu dituzte.
Bestalde, Hondamendiak Murrizteko Koordinakunde Nazionalak (Conred) esan du 350 direla desagertutako pertsonak. Hasiera batean, 600 ziren desagertuta zeuden norbanakoak, eta ostiral arratsaldean 450era jaitsi zen kopuru hori.
Erreskate taldeek Guatemalan eguna argitzearekin batera berrekingo diete El Cambray II muinoan lur azpian harrapatuta -Guatemalako hiriburutik 22 kilometrora-gelditu diren pertsonak bilatzeko lanei. Atzo iluntzean bertan behera utzi zituzten erreskate lanak segurtasun eta argitasun falta tarteko.
Oraingoz 30 ibilgailu astun eta 1.862 pertsona ari dira lanean, baina igandean 250 pertsonara jaitsiko da kopuru hori inguruaren baldintzak tarteko.
Nazio Batuek, Mexiko eta Kubak laguntza eskaini diete Guatemalari eta orain laguntza hori kudeatu eta beharrezkoak dituzten elementuak eskatu beharko dituzte bertako agintariek. Igandean hasiko da tokian bertan lanean Mexikotik joandako 60 pertsonez eta 10 txakurrez osatutako talde bat.
Alejandro Maldonado Guatemalako presidenteak ostiralean kazetarien aurrean adierazi zuenez, "lehentasuna" lur azpian harrapatuta bizirik egon daitezkeen pertsonak aurkitzea da. Maldonadok "zoritxarreko ezbehartzat" jo du gertaturikoa eta azken egunotako euriteei egotzi die.
Bestalde, Guatemalako presidentearen seme eta Conred erakundeko idazkari exekutiboa den Alejandro Maldonadok azpimarratu du, ziurrenera, hasi egingo dela hildakoen kopurua.
Santa Catalina Pinulako komunitatea "partzialki edo erabat" lekualdatzeko eskatu zion Conred erakundeak bertako Udalari 2014ko azaroaren 5ean egindako txosten batean.
David de Leon Conred erakundeko bozeramailearen hitzetan, hondamendia saihestu zitekeen eta erakundeei eta herritarrei egotzi die erantzukizuna; lehenengoek Lurralde Antolaketaren Plana ez betetzeagatik eta bigarrenek, ostera, etxebizitzak mendi-hegaletan eta amildegietan ez egiteko aholkuei jaramonik ez egiteagatik.