Mundua -
Adierazpenak Siriatik
PPko zinegotzi ohi bat: 'Dirutza eskaini dute geure buruaren truke'
Sirian borrokan ari den PPko zinegotzi ohiak esan duenez, Estatu Islamikoak 150.000 dolar eskaini ditu euren buruaren truke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rodrigo Garcia Saenz Joseba Sirian Estatu Islamikoaren aurka borroka egiten ari den Dulantziko (Araba) PPko zinegotzi ohiak azaldu duenez, "bala edo granada bat" du gordeta beti beretzat, "terroristek bizirik ez atzemateko".
Josebaren esanetan, Estatu Islamikoak 150.000 dolar eskaini ditu Rojavako Lehoiak taldeko edozein kideren truke, eta Arabako zinegotzi ohia talde horrekin ari da Sirian borrokan.
"Atzerritar bat atzematea eta bideo batean horren burua moztea publizitatea da haientzat", adierazi du.
Rojavako Lehoiak taldea borrokalari atzerritarrek osatzen dute, eta Estatu Islamikoa Siriako gune kurduan geldiaraztea du helburu. "Ez baditugu hemen gelditzen, etxean izango ditugu", esan du Josebak, Cope irrati katean egindako elkarrizketa batean.
Josebaren zeregina "lehen lerroko borrokalariei laguntzea" da, Estatu Islamikoa herrietan sartzea galarazteko, "denak" akabatzen baitituzte herri batean sartzen direnean.
Nolanahi ere, PPko zinegotzi ohiaren hitzetan, ez du "askotan" bizia arriskatu, Estatu Islamikoa "koldarra" baita. "Bonba-autoak jartzea da egiten dakiten gauza bakarra; aurrez aurrekoan oso koldarrak dira", esan du.
Josebak azaldu duenez, orain etxera itzuli nahi du, emaztea gaixorik dagoelako. "Emazteak behar nauelako itzuli nahi dut", zehaztu du, eta hala gertatu ezean Sirian borrokan jarraituko lukeela azpimarratu du.
Etxera itzultzeko xedez, kontu bat ireki du Paypal plataforman, dirua biltzeko. Nolanahi ere, ez duela "karitaterik" nahi azaldu du.
"Nire herrian zinegotzi izanda ez diot inoiz inori ezer zor; ez dut nahi inork esatea politikariren bati zerbait zor diodala edo erabili egingo nautela", gaineratu du.