Mundua -
Ankarako atentatua
Biktimak omendu nahi zituztenen kontra egin du Turkiako Poliziak
Atzo, bakearen aldeko martxa batean Ankaran izandako atentatuan 128 lagun hil zituzten eta dozenaka zauritu zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo Ankaran izandako eraso bikoitzean hildakoak omendu eta gogoratu nahi zituen jende multzoaren kontra egin du Turkiako Poliziak, besteak beste, negarra eragiteko gasa erabilita.
Turkiako segurtasun indarrek barrikadak eraiki dituzte atzo atentatua gertatu zen zabalgunearen inguruko kaleetan, bertako irratiek berri eman dutenez. Turkiaren historiako atentaturik odoltsuenean 128 lagun hil eta berrehundik gora pertsona zauritu ziren.
Polizia agenteek ez diete pasatzen utzi Turkiako hainbat alderdi politikotako eta hiritarren erakundeetako kideei, zeinek atentatuaren tokian omenaldia egiteko asmoa zuten.
Herrien Alderdi Demokratikoak (HDP) kaleratutako ohar baten arabera, Poliziak hainbat zauritu eragin ditu, tartean, HDPko hainbat ordezkari politiko eta CHP alderdi sozialdemokratako hainbat goi kargudun. Poliziaren eta ordezkari politikoen arteko negoziazioen ondotik, Poliziak barrikadak desegin eta bidea ireki die lore eskaintza egin ahal izateko.
Turkiako gobernuak atzoko atentatua gaitzetsi badu ere, erasoak berpiztu egin du ezkerreko sektore handien eta AKP alderdiaren arteko tentsioa; hain zuzen ere, Turkiako hauteskundeetarako hiru aste falta direnean.
"Estatua gurea da pentsatuta eraso hori egin zutenek egindakoagatik ordaindu egingo dute. Ez dugu mendekurik nahi. Lehendabiziko pausoa azaroaren 1ean izango da", adierazi du Selahattin Demirtas presidentekideak gaurko omenaldian egindako ekitaldian.
Bestalde, inork ez du bere gain hartu atentatua. Dena den, Hürriyet egunkariak berri eman duenez, identifikatu dituzte bi erasotzailearen gorpuzkinak eta lehergaiak TNT osagaiarekin eginak zeuden. Halaber, metalezko bolatxoak ei zituzten lehergaiek suntsipen handiagoa eragiteko.