Mundua -
Alemania
11.000 lagun etxetik aterarazi dituzte Berlinen guda-bonba batengatik
250 kiloko lehergailua Bigarren Mundu Gerrakoa zen, AEBk egindakoa, eta Juduen Museotik gertu aurkitu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
11.000 auzokide inguru euren etxeetatik aterarazi dituzte Berlinen, zonaldean aurkitutako Bigarren Mundu Gerrako bonba batengatik. 250 kiloko lehergailua Kreuzbergeko auzoan aurkitu dute, hiri-lan batzuk egiten ari zirela.
Husteko abisua atzo jakinarazi zieten auzokideei, eta igande honetan zehar Polizia bertatik ibili da, segurtasun-perimetrotik auzokideak ateratzen laguntzen, zonaldea hutsik geratzen zela bermatzeko.
Poliziak azaldu duenez, AEBk egindako bonba zen, eta Juduen Museotik gertu aurkitu dute. Geroago, bonba desaktibatu dute.
Horren ondorioz, garraio publikoko hainbat linea eten behar izan dituzte bederatzi orduz, zonaldea husteko eta lehergailu-teknikarien lanak luzatu baitira.
Coblenzako hirian, Alemaniako mendebaldean, berriz, beste 5.000 auzokide hustu dituzte beste bonba bat desaktibatzeko. Oraingoan, ikastetxe batean aurkitu dute lehergailua, eta II Mundu Gerrakoa ere zen.
Horrelako operazioak ohikoak izaten dira Alemanian, izan ere, 2011an Coblenza hirian ere 45.000 herritar euren etxeetatik aterarazi behar izan zituzten gerra bitartean eztanda egin ez zuen lehergailu batengatik.