Mundua -
ARGENTINA
Scioli eta Macri bigarren itzulian neurtuko dira
Inkestak irauliz, jokaleku berria zabaldu da Argentinan: berdinketa teknikoa erdietsi dute presidentetzarako bi hautagai nagusiek. Azaroaren 22an berriro lehiatuko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinako hurrengo presidentea nor izango den bigarren bueltan erabakiko da, atzoko hauteskundeetan Daniel Socioli ofizialistak eta Mauricio Macri kontserbadoreak berdinketa teknikoa lortuta. Ez batak ez besteak ez zuten presidente izendatzeko adina boto eskuratu, eta, beraz, azaroaren 22an lehiatuko dira berriro.
Zenbait hedabidek azken egunotan zabaldu dutenaren kontra, iruzurra ez zen izan hauteskunde egunean hizpide nagusia. Hauteslekuak itxi eta ia sei ordura hasi zen Argentinako Gobernua lehendabiziko datu ofizialak ematen, eta horrek harrotu zituen hautsak. Botoen % 67 zenbatuta zegoenean hasi ziren datu ofizialak zabaltzen.
Hasieratik, Macri eta Scioli parez pare ibili dira, azkenerako ofizialistak aurrea hartu dion arren, alde oso txikiarekin. Botoen % 93,1 zenbatuta, Sociolik (Garaipenerako Frontea) botoen % 36,39 eskuratu du eta Macrik (Alda Dezagun) % 34,75.
Lehendabiziko datuak ezagutu orduko hasi ziren alderdietako buruzagiak bigarren itzulirako boto eske. Scioli bere emaztearekin batera atera da bart jarraitzaileen aurrera; botoa erabaki dutenei eta independenteei zuzendu zaie, Argentinar guztien alde lan egiten jarraituko duela nabarmenduz. 90eko hamarkadan eman zituen politikan lehen urratsak Sociolik, Carlos Menen presidentearen eskutik. Nestor Krichnerren agintaldian ( 2003-2007) presidenteorde karguan egon zen.
Macri ere berehala jarri da bigarren itzuliari begira. Bere alderdiak lortutako emaitza historikoak ospatuz, dantza eginez, igo da oholtzara, jarraitzaileen aurrera. Jada, Argentina berria martxan dagoela eta herrialdearen aldaketa politika abian dela esan du.