Mundua -

Hautesleku atarietako inkestak

Ultrakontserbadoreak nagusi Poloniako Parlamenturako hauteskundeetan

Hautesleku atarietan egindako inkesten arabera, Legea eta Justizia alderdiak gehiengo absolutua eskuratu du botoen % 39,1 lortuta. Bestalde, ezkerreko alderdiek ez dute ordezkaritzarik lortu.

Beata Szydlo izango da Poloniako lehen ministro berria. Argazkia: EFE
Beata Szydlo izango da Poloniako lehen ministro berria. Argazkia: EFE
Beata Szydlo izango da Poloniako lehen ministro berria. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legea eta Justizia (PiS) alderdi ultrakontserbadoreak irabazi ditu igande honetan Polonian izandako legegintzarako hauteskundeak, TVN24 telebista kate pribatuak hautesleku atarietan egindako inkesten arabera. Datu horiei erreparatuz gero, alderdi irabazleak botoen % 39,1 eta 242 eserleku eskuratu ditu eta bakarrik gobernatu ahal izango du.

Azken zortzi urteetan agintean egon den Herritar Plataforma (PO) eskuineko alderdi liberala bigarren indarra izango da, botoen % 23,4rekin eta 133 diputaturekin.

Parte-hartzea % 51,6koa izan da, inkesta horren arabera.

Liberalen atzetik azaltzen dira Pawel Kukiz rockzale ohiaren mugimendu populista (bozen % 9 eta 44 eserleku), Nowoczesna alderdi ultraliberala (botoen % 7,1 eta 22 eserleku), eta PSL Laborarien Alderdia (botoen % 5,2 eta 15 eserleku). Bestalde, komunismoa erori zenetik lehen aldiz ordezkaritzarik gabe gelditu dira ezkerreko alderdiak.

Ewa Kopacz Poloniako egungo lehen ministroak haren alderdiaren porrota aitortu du eta Beata Szydlo PiSeko hautagaia zoriondu du. Azken horrek, bestalde, eskerrak eman dizkie herritarrei jasotako babesagatik. "Lech Kaczynski presidente zenaren pausoei jarraituz, erronkei aurre egiterako garaian sendo agertu garelako irabazi dugu", gaineratu du.

Datuak baieztatuz gero, PiS alderdiaren aurreikuspen guztiak gaindituko dira. Hauteskunde aurreko inkestek PiSen garaipena iragartzen zuten, baina PO alderdiarengandik oso gertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Gaurko titularrak Eguneko albisteak Hauteskundeak U23 Hauteskunde Emaitzak Polonia albisteak