Mundua -

Parlamenturako hauteskudeak

Bozak egingo dituzte Turkian, gobernua osatzeko ezintasunaren aurrean

AKP Justizia eta Garapena alderdia da hauteskundeak irabazteko faborito nagusia. Ekaineko hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen, baina 2002tik zuen gehiengo absolutua galdu zuen.

Parlamenturako hauteskundeak Turkian. Argazkia: EFE
Parlamenturako hauteskundeak Turkian. Argazkia: EFE
Parlamenturako hauteskundeak egiten ari dira Turkian, bigarrenez

1:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte igande honetan Turkian, aurten bigarrenez, ekainaren 7ko hauteskundeetako emaitzen ondoren alderdiak gobernua osatzeko gai izan ez direlako.

57 milioi inguru turkiarrek dute botoa emateko eskubidea, horietatik 54 milioi inguru Turkian bizi dira eta ia 3 milioi, berriz, atzerrian. Dena den, azken horientzat aurreko igandean amaitu zen bozketa epea.

Guztira, 175.006 hautetsontzi banatu dituzte Turkian, tartean 358 kartzelatan, Anadolu agentziak berri eman duenez.

Boto-txarteletan 16 alderdi politiko ageri dira, baina gaur egun Turkiako parlamentuan ordezkaritza duten lau alderdiek dute, egiaz, % 10eko muga gainditzeko eta parlamentuan sartzeko aukera.

AKP Justizia eta Garapena alderdia da hauteskundeak irabazteko faborito nagusia. Ekaineko hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen (258 eserleku), baina 2002tik zuen gehiengo absolutua galdu zuen.

Gaur egun, CHP alderdi sozialdemokrata da bigarren indarra (132 diputatu), MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiaren (80 eserleku) eta HDP Herrien Alderdi Demokratikoaren aurretik (80 eserleku).

Halaber, 21 hautagai independente lehiatuko dira, alabaina, horiek ez daude % 10ari lotuta.

Parte-hartze handia espero da eta, adituen arabera, ekaineko hauteskundeetako % 84ko parte-hartzea gaindituko da.

Zundaketen arabera, ekaineko emaitzak errepikatuko dira oro har. Dena den, adituek ez dute baztertzen AKP alderdiak gehiengo absolutua berreskuratzea.

Goizeko zortzietan zabaldu dituzte hauteslekuak (06:00ak Euskal Herrian) Turkiako toki gehienetan (ordubete lehenago ekialdeko probintziatan) eta arratsaldeko bostetan itxiko dituzte (15:00ak Euskal Herrian).

Lehendabiziko emaitzak gaueko bederatzietatik aurrera jakinarazi ahalko dira (19:00ak Euskal Herrian), nahiz eta litekeena den lehenago Hauteskunde Batzordeak enbargoa altxatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Albisteak Gaur Albisteak Turkia Hauteskundeak gaur Ekialde Hurbila gaur