Mundua -

Hauteskundeak Turkian

Erdoganen AKP alderdiak aurreikuspenak gainditu eta berriz aginduko du

Legebiltzarreko gehiengoa berreskuratu du, eta, ondorioz bakarka goberna dezake, baina ez du lortu Konstituzioa moldatzea ahalbidetuko liokeen emaitza aproposena.

Recep Tayyip Erdogan, boza ematerako garaian. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdogan, boza ematerako garaian. Argazkia: EFE
Gehiengo osoak egonkortasuna itzuliko duela uste dute turkiarrek

1:29

Agenztiak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen Justizia eta Garapena (AKP) alderdiak garaipena lortu du legegintza-hauteskundeetan pronostiko onenek aurreikusten ez zuten sendotasunarekin, bakarka gobernatzeko parada eskainiko dio legebiltzarreko gehiengoa lortu baitu. Hala ere, ez du erdietsi Konstituzioa moldatu eta bere buruzagiaren eta herrialdeko presidentearen boterea berrestea ahalbidetuko liokeen emaitza aproposena.

AKP zaleak bere alderdiaren garaipena ospatzen

AKP zaleak bere alderdiaren garaipena ospatzen

Turkian aurten egiten diren bigarren hauteskunde legegilean eskuratutako garaipen horrekin Ahmet Davutoglu lehen ministroaren AKP alderdiak laugarren legegintzaldiari ekingo dio, 2019ra arte luzatuko dena.

AKPk botoen % 49,3 eskuratu du gaur, eta horrek 550 eserleku dituen legebiltzarrean 316 diputatu aitortuko dizkio, botoen zenbaketa % 97koa denean, Anadolu agentzia erdi publikoak adierazitakoaren arabera.

Emaitza hori AKPk ekainean eskuratu zuena baino askozaz hobea da, (258 eserleku), baina 2011n erdietsitakoaren azpitik dago (327 eserleku), eta ez da iristen Konstituzioa erreformatzeko erreferenduma deitzeko beharrezkoak diren bost herenak.

Aurreko hauteskunde-kanpainan, AKP alderdiak porrot egin zuen Turkiako sistema parlamentarioa erreformatu eta Recep Tayyip Erdogan presidenteari botere betearazleak emateko asmoan.

Anadoluren arabera, hauteskundeetan egon den parte-hartzea % 85,8koa izan da, ekainean egon zena baino zertxobait altuagoa.

Gaueko garailea, Davutoglu, jarraitzaileei zuzen zaie bere jaioterrian (Konya), eta garaipena eskertu die.

AKP zaleak bere alderdiaren garaipena ospatzen

AKP zaleak bere alderdiaren garaipena ospatzen

Oposizioak porrot handia jasan du hauteskunde hauetan, hemizikloan presentzia duten beste hiru alderdien kanpainen oinarrian AKPk gehiengo absolutua ez erdiestea baitzegoen, eta, horrela, koalizioko gobernu bat egotea eragitea.

CHP alderdi sozialdemokratak gora egin du ekainetik hona, eta botoen % 25,4rekin geratu da. Horrek esan nahi du bi eserleku gehiago bereganatu eta 134 diputatu izango dituela, Anadoluren arabera.

Hauteskunde hauetako galtzaile nagusia MHP alderdi ultranazionalista da, bozen % 16,2tik % 12ra jaitsi baita; ondorioz, hemizikloko laugarren indarra bihurtzen da 41 diputaturekin. Horrenbestez, kurduen aldekoa eta ezkerzalea den HDP alderdiaren atzetik geratzen da (59 eserleku).

Hala ere, alderdi horrek ere behera egin du, ekainean eskuratutako % 13,1etik % 10,6ra eginez. Beraz, ozta-ozta gainditu du legebiltzarrean ordezkaritza izan ahal izateko langa elektorala.

Istiluak Diyarbakir hiri kurduan

Turkiako Poliziak gas negar-eragileak erabili ditu Diyarbakir hiri kurduan bilduta zeuden manifestari batzuen aurka, hauteskundeen emaitzen zenbaketa egiten ari ziren bitartean.

Istiluak Diyarbakir herrian

Istiluak Diyarbakir herrian

Bestalde, transformadore bat lehertu da Turkiako hego-ekialdean dagoen Mardin probintziako Nusaybin herrian, eta hainbat zauritu eragin ditu, Hürriyet egunkariak jakitera eman duenez.

Hala ere, hasiera batean, kalean aparkatuta zegoen auto batek eztanda egin duela zioen berria zabaldu da, eta auto-bonba bat izan zitekeela uste zen; dena dela, frogen arabera, istripu bat izan dela ematen du, transformadore elektroniko batek egin baitu eztanda, argitzeke dauden arrazoiengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken ordukoa Turkia berriak Hauteskundeak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?