Mundua -
Hegazkin istripua Egipton
MetroJet: 'Hegazkin istripuaren eragilea kanpokoa soilik izan daiteke'
Larunbatean Sinai penintsulan erori zen hegazkin errusiarraren jabe den Metrojet konpainiaren arabera, 'sistemaren akats kate batek ere ezin du inola ere eragin hegazkina airean lehertzea'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
MetroJet (Kogalymavia) hegazkin konpainiaren, Egiptoko Sinai penintsulan larunbatean eroritako hegazkinaren jabearen, esanetan, Airbus A321 hegazkina airean lehertu izanaren eragilea "kanpoko ekintza mekaniko bat" bakarrik izan daiteke.
"Ezbeharra azal dezakeen eragile bakarra hegazkinaren kanpoko ekintza mekaniko bat da", Aleksander Smirnov MetroJet konpainiako zuzendariorde orokorrak kazetarien aurrean azaldutakoaren arabera.
Halaber, "sistemaren akats kate batek ere ezin du inola ere eragin hegazkina airean lehertzea", erantsi du.
Kremlinak ez du hipotesirik baztertzen
Atentatu terrorista bat izan ote zitekeen galdetuta, Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak astelehenean esan duenez, "oraingoz" ezin daiteke baztertu hegazkin ezbeharraren inguruko hipotesirik.
Larunbatean MetroJet hegazkin konpainia errusiarreko Airbus A321 bat erori zen Sinai penintsulan -224 bidaiari zeramatzan, gehienak errusiarrak-, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko.