Mundua -
Sinaiko penintsulan erori zen
Hegazkinaren sotoan lehergailu bat jarri zutela uste du Londresek
Inteligentzia zerbitzuek militante islamikoen arteko elkarrizketak atzeman dituzte, eta lehergailuaren hipotesiak indarra hartu du Erresuma Batuko Gobernuak informazioa aztertu ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbatean, Sinaiko penintsulan, lurra jo zuen hegazkinaren sotoan lehergailu bat jarri zutela uste dute Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek, BBCk gaur jakitera eman duenez. Hegaldia Sharm el Sheijetik (Egipto) aireratu ondoren erori zen.
Sharm el Sheijera zihoazen hegaldi guztiak bertan behera utzi zituen Londresek asteazkenean, Metrojet konpainiako Airbus A321 hegazkina bonba batek bota zuenaren susmoak indarra hartu eta gero. Hegazkina San Petersburgora zihoan.
Hala ere, gaur hasiko dira Erresuma Batuko 20.000 bat turistak aberriratzen. Eskuko maletekin bakarrik egin ahal izango dute bidaia.
BBCren arabera, inteligentzia zerbitzuek militante islamikoen arteko elkarrizketak atzeman dituzte, eta lehergailuaren hipotesiak indarra hartu du Erresuma Batuko Gobernuak informazioa aztertu ondoren.
Hegazkineko sotoan sartzeko baimena duen norbait susmagarri nagusia dela uste dute zerbitzu sekretuek. Lehergailua maleten gainean edo ekipajearen barruan jarri zuen susmagarriak hegazkina aireratu baino lehen.
Errusiako hegazkina bota zutela ziurtatu du Estatu Islamikoak behin baino gehiagotan, baina operazioaren xehetasunik ez du eman.
Hegazkinean lehergailu bat izatea “posible” dela uste du Obamak
Bestalde, hegazkinean “lehergailu bat izatea, benetan, posible da”, adierazi du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak.
“Hegazkinaren barruan bonba bat izateko hipotesia ez dut baztertzen”, azaldu du Obamak KIRO Radio Seattleko irratian. “Aukera hori oso serioan hartu dugu”, azpimarratu du buruzagiak.