Mundua -
Batzar historikoa
Txinako eta Taiwango presidenteek batzarra egin dute,66 urteren ostean
Bi herrialdeen arteko harremanak nola hobetu aztertu dute, ateak itxita eta segurtasun neurri handiez inguratuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Xi Jinping Txinako presidenteak eta Ma Ying-jeou Taiwango presidenteak bilera historikoa egin dute larunbat honetan Singapurren, bi herrialdeetako estatuburuek 1949. urteaz geroztik egiten dute lehena.
Elkarri bostekoa eman diote minutu batez mundu osoko argazkilari eta kazetarien aurrean eta, ondoren, ordubeteko bilera egin dute Singapurreko Shangri La hotelean.
Bilerako lehendabiziko minutuak zuzenean eman dituzte telebistaz eta, gero, ateak itxita jarraitu dute hizketan.
Segurtasun neurri handiez inguratuta egin duten ordubeteko bileran, bi herrialdeen arteko harremanak nola hobetu aztertu dute.
Behin bilera amaituta, prentsaurrekoa eskaini dute nor bere aldetik.
Xi Txinako presidentearen esanetan, Txinak eta Taiwanek "pauso historikoa" eman dute eta orain bi herrialdeek elkarrekin lan egin behar dute, "zailtasunak alboratuta". "Senideak gara eta odola ura baino lodiagoa da", azaldu du Txinak eta Taiwanek duten historia eta kultura komunari erreferentzia eginez. Formosako itsasarteak bereizten ditu Txina eta Taiwan eta bien arteko gatazkak 66 urte irauten du.
"Elkarrekin jardu behar dugu eta itsasartearen bi aldeetako Txinako herriari erakutsi behar diogu bakea lortzeko eta egonkortasuna bermatzeko gaitasuna dugula", amaitu du.
Bestalde, Ma Ying-jeou Taiwango presidentea bat etorri da gaurko batzarra historikoa dela esaterakoan eta azpimarratu du, bi herrialdeek sistema politiko ezberdinak badituzte ere, "elkarrizketa eta lankidetza" giroa nagusitu dela. Azken 22 urteetan bi herrialdeen arteko harremanak hobetu direla datuekin frogatu ostean, Mak nabarmendu du haratago joan behar dutela eta aldebiko loturak handitzeko "estrategia pragmatikoak bilatzeko".
Mak bost lan-ildo proposatu ditu, besteak beste, etsaitasuna murriztea, komunikazio lerro zuzenak sortzea edota hartu-eman komertzialak handitzeko oinarriak finkatzea.