Mundua -

Myanmargo hauteskundeak

Emaitzen zain, hauteskunde egun historikoa izan dute Myanmarren

Behin-behineko datuak azaroan zehar ezagutaraziko dira eta eskualdeetako eta nazioko parlamentuak urtarrila eta otsaila artean osatuko dira.

Myanmargo oposizioko alderdiaren jarraitzaileak kalera atera dira. Argazkia: EFE
Myanmargo oposizioko alderdiaren jarraitzaileak kalera atera dira. Argazkia: EFE
Bost urte militarrek transizio demokratikoari ekin ziotenetik

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parlamenturako hauteskundeak egin dituzte igande honetan Asiako Myanmar herrialdean. Hauteslekuak arratsaldeko lauetan itxi dituzte, baina behin-behineko datuak azaroan zehar ezagutaraziko dira. 2011. urtean itxura zibileko lehenbiziko gobernua eratu zenetik egin diren lehendabiziko hauteskundeak izan dira, zehazki, mende erdi baino gehiago iraun duen Junta Militarraren erregimenaren osteko lehendabiziko hauteskunde libreak.

Demokraziarako Liga Nazionala oposizioko alderdi nagusia (NLD) jotzen dute irabazle, egun gobernuan dagoen USDP alderdiaren aurretik -2010ean zibilez mozorrotu ziren militarrez osatua-.

Hauteslekuetan egindako zundaketen faltan, azaroan zehar ezagutaraziko dira behin-behineko emaitza ofizialak.

Hauteskunde kanpaina zehar hainbat iruzur salaketa egin dituzte eta gaur mehatxuak eta boto zerrendetan akatsak ere zenbatu dituzte.

Than Tun Myanmargo Garraio ministroak botoa emateko arazoak izan ditu eta ia-ia botoa eman gabe gelditu da. Antza denez, beste pertsonaren batek haren izenean eman du botoa.

Emaitza edozein dela ere, herritarren erabakia onartuko duela adierazi du Thein Sein Myanmargo presidenteak. "Boto-emaileen nahia onartuko dugu hori edozein dela ere (...). Garrantzitsuena herrialdean egonkortasuna eta garapena bermatzea da", adierazi du botoa ematera joan denean.

Thein Sein azken Junta Militarreko lehen ministroa izan zen eta 2011z geroztik agintean dagoen gobernu zibilaren buru da.

Aung San Suu Kyi NLD oposizioko alderdiko buruak garaipena lortzeko itxaropena agertu du. Suu Kyik 15 urteko etxeko atxiloaldia bete behar izan zuen modu baketsuan demokrazia aldarrikatzeagatik.

Eskualdeko eta nazioko parlamentuak urtarrilean osatuko dira eta, gero, otsaila eta martxoa bitartean aukeratuko dute datozen bost urteetarako estatuburua.

1962tik 2011ra bitartean militarrak egon ziren agintean Myanmarren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak