Mundua -

6,1 gradu

Lurrikara batek hainbat hildako utzi ditu Greziako Leukada uhartean

Gutxienez bi dira hildakoak, eta lau, zaurituak, Itsaso Jonikoan gertatutako hondamendi naturalaren ondorioz.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bi pertsona hil eta lau zauritu dira Greziako Leukada uhartean izan den 6,1 graduko lurrikararen ondorioz, bertako hedabideek jakitera eman dutenez.

60 urteko emakume bat hil da Ponti Vasiliki herrian, mendi batetik erori den harri batek bere etxeko pareta bota eta azpian harrapatuta. Beste emakume bat Athani herrian hil da, etxea behera etorrita.

Bestalde, bi haur, adineko emakume bat eta gizonezko bat ospitaleratu behar izan dituzte zaurituta.

Lurrikararen erdigunea Leukada eta Korfu uharteen artean atzeman dute, 12 kilometroko sakoneran, lurrikak aztertzeko zentroak zabaldu duenez.

Bertako hedabideen arabera, hainbat etxe erori egin dira, eta hainbat eraikinen aurrealdean kalteak ikus daitezke. Gainera, elizak ere kaltetu omen dira, eta errepideak itxi behar izan dituzte luiziengatik.

Lurrikara Itsaso Jonikoko uharte guztietan nabaritu dute, baita Grezia mendebaldeko leku askotan eta Atika eskualdean (bertan dago Atenas) ere.

Orain arte, hamaika erreplika atzeman dituzte, gogorrena 5,2 gradukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Greziako berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Sumendien erupzioek kaltetutakoak