Mundua -
Parisko atentatuak
Hirugarren hilotz bat aurkitu dute Saint-Denisko etxebizitzan
Hirugarren hilotza Hasna Aitboulahcenena da. Parisko Fiskaltzak agiri batean azaldu duenez, hatz-aztarnak eta Cormilloneko etxebizitzaren gorpuzkiak aztertu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Hirugarren hilotz bat aurkitu dute asteazkenean Frantziako Poliziak indarrez eraso zuen Saint-Denisko etxebizitzan (Paris kanpoaldea). Etxebizitza horretan bertan topatu zuten ere azaroaren 13ko atentatuen ustezko buru izandako Abdelhamid Abaaoud belgikarra. Hala jakinarazi du gaur Fiskaltzak.
Hirugarren hilotza Hasna Aitboulahcenena da. Parisko Fiskaltzak agiri batean azaldu duenez, hatz-aztarnak eta Cormilloneko etxebizitzaren gorpuzkiak alderatu dituzte.
Aitboulahcen 1989ko abuztuaren 12an jaio zen Clichy-la-Garennen, Pariseko kanpoaldean.
Beste pasaporte bat aurkitu zuten Hasna Aitboulahcen izenarekin. Baliteke soinean zeraman lehergailua zartarazita bere buruaz beste egin zuen emakumearena izatea.
Horrez gain, Saint-Denisko Cormillon kalean dagoen apartamentuan zorro bat ere aurkitu dute, eta barruan Aitboulahcen izena daraman pasaporte bat agertu da.
Ministerio Publikoak esan duenez, oraindik ezin izan dituzte identifikatu zazpi ordu iraun zuen operazioan hil ziren bi pertsona. Operazio hori astearte goizaldean hasi zen, eta bukatu zenean zortzi lagun atxilotuta zituen Poliziak, horietako bost eraikin berean atzemandakoak.
Atxilotuetako inor ez da Salah Abdeslam, ostiraleko atentatuetan parte hartu zuen eta ihesi dagoen ustezko terrorista.