Mundua -
Lapurreta Frantzian
Osasun trajeak lapurtu dituzte Parisko ospitale batetik
Ospitaleko agintariak asteazkenean ohartu ziren materiala falta zela. Parisko atentatuen ondotik, Frantziako lehen ministroak ohartarazi zuen balitekeela jihadistek arma kimikoak erabiltzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun alorreko langileek babesteko erabiltzen dituzten hainbat traje lapurtu dituzte Parisko Necker ospitaletik, osasun zentro horiek biltzen dituen AP-HP erakundeak jakitera eman duenez.
Ospitalea asteazkenean konturatu zen materiala falta zela. Aipaturiko traje horiek kode bidez itxitako lokal batean zeuden gordeta, eta hainbat pertsonak zuten bertara sartzeko baimena, ospitaleko iturrien arabera.
Ebola birusaz kutsatuta egon daitezkeen gaixoak artatzeko erreferentziazko zentroa da Necker ospitalea, eta traje egoki "asko" ditu.
Osasun zentroak astean behin egiten du trajeak gordeta dauden lokalaren kontrola. Asteazkenean ohartu ziren lapurretaz, eta ostegunean aurkeztu zuten salaketa. Geroztik, areagotu egin dituzte segurtasun-neurriak.
Parisko atentatuen ondoren, Manuel Valls Frantziako lehen ministroak ohartarazi zuen balitekeela hurrengo erasoetan jihadistek arma kimikoak eta bakteriologikoak erabiltzea.
Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroak esan du aukera hori herrialdeak aurrean dituen arriskuetako bat baino ez dela, eta hori saihesteko "neurri guztiak" hartu dituztela.