Mundua -
Hauteskundeak Argentinan
Macri presidente berria eta kirchnerismoa bukatu da Argentinan
Cambiemoseko buruzagiak botoen % 51,72 lortu ditu; Sciolik, ostera, bozen % 48,28 eskuratu ditu. Hautagai kirchneristak porrota onartu du, eta kontserbadoreari deitu dio zoriontzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Mauricio Macri kontserbadoreak Daniel Scioli hautagai ofizialista garaitu du bigarren itzulian, eta Argentinako presidente berria izango da. Hala, kirchnerismoaren 12 urte eta erdiei amaiera emango die abenduaren 10ean.
“Gaurkoa egun historikoa da, zoragarria izango den garai aldaketa da”, adierazi du Macrik milaka jarraitzaileren aurrean, Buenos Aireseko konbentzio zentroan. Macrik zortzi urte daramatza hiriburuaren udal Gobernuan.
Bozen % 96,40 zenbatuta, Cambiemoseko buruzagiak botoen % 51,72 lortu ditu; Sciolik, ostera, bozen % 48,28 eskuratu ditu. Hautagai kirchneristak porrota onartu du, eta kontserbadoreari deitu dio zoriontzeko.
56 urteko Macri izatez ingeniaria da, baina familiaren negozioak alde batera utzi eta futbol mundura salto egin zuen lehenik, ondoren politikara jauzi egiteko. “Zero pobrezia”, narkotrafikoari aurre egitea eta garaitzea, kalitate demokratikoa hobetzea eta herrialde guztiekin harreman onak izatea agindu du presidente berriak.
“Argentinar bakoitzari aurrerapausoak eman eta zoriontsu izaten laguntzeko Jaungoikoari babesa eskatzen diot. Bakarrik ez lagatzea eskatzen dizuet, abenduaren 10ean garai zoragarria hasten delako Argentinan”, oihu egin du Macrik, oso pozik. Juliana Awada emaztearekin eta lau urteko Antonia alabarekin batera, garaipena ospatu du presidente berriak dantza eginez.
Porrotaren irudia
Puxikak, paper zaparrada eta musika Cambiemosen gotorlekuan. Buenos Aireseko erdialdean dagoen hotel batean, ordea, porrotaren aurpegia: Frente de la Victoriaren militanteak negarrez.
Publikoki samina ezkutatu, porrota onartu eta patxadaz hitz egin du Sciolik. “Aldaketa aukeratu” dutela onartu du hautagai ofizialistak. “Jaungoikoak Macri ingeniari bidea erakutsi nahi izatea espero dut, aldaketak gure herriaren mesederako izateko”, esan du.
Bilera asteartean
2007tik, Etxe Arrosara heldu zenetik, Cristina Fernandezek harreman txarra izan du Macrirekin. Presidente berria urte berdinean heldu zen Buenos Aireseko Alkatetzara. Hala ere, Fernandezek irabazleari deitu dio zoriontzeko.
Iturri ofizialen arabera, estatuburuak Macri bilera batera deitu du datorren asteartean, Olivoseko egoitza ofizialean, Buenos Aireseko kanpoaldean.