Mundua -
Bilera diplomatikoak
EIren kontra koalizio bakarra osatzeko eskatuko dio Hollandek Obamari
Siriak, AEBk eta Errusiak elkarrekin jardutea nahi du Frantziako presidenteak. Obama, berriz, ez da Putinekin eta Al-Asadekin fio.
Agentziak | Erredakzioa
Francois Hollande Frantziako presidentea Washingtonen izango da gaur Barack Obama AEBko presidentearekin biltzeko. Estatu Islamikoaren kontrako borrokan osatzeko estrategia adostea dute helburu biek ala biek.
Parisen 130 lagun hil zituzten atentatuen ondotik, bilera diplomatiko sorta egiteari ekin dio Frantziako presidenteak. Atzo, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu zen, eta Etxe Zurian egin beharreko batzarra izango da horren segida. Sirian, Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, koalizio bakarra osatzea nahi luke Hollandek, gaur egun dauden hirurak (Siria bera, Errusia eta AEB) indarrak batuta.
Obama konbentzitzeko lanak izango ditu, dena den, Frantziako buruzagiak. Izan ere, AEBko presidentea ez da Vladimir Putin Errusiako presidentearekin fio, eta are gutxiago Baxar Al-Asad Siriako agintariarekin. AEBk Al-Asad Siriatik kanpo nahi dute, eta asmo horren kontrakoa da Errusia.
Obamak igandean nabarmendu duenez, oraindik ez dakite Errusia "bazkide eraginkorra izateko egin beharreko doikuntza estrategikoak egiteko gai izango ote den"
Ideia berari heldu dio gaur John Kerry AEBko Estatu idazkariak. Nabarmendu duenez, lau urtez Al-Asaden kontrako borrokan ibili diren oposizioko kideek "ez lukete ondo hartuko" AEBk orain Errusiarekin balizko lankidetza bat onartzea, eta egoera gaiztotu baino ez litzateke egingo.
AEBko bileraren ondotik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin du zita Hollandek, asteazken gauean. Ostegunean, Matteo Renzi Italiako lehen ministroa hartuko du eta, ostiralean, Moskura joango da Vladimir Putinekin biltzera.