Mundua -

UNICEF-en datuak

16.000 haur soldadu inguru erreklutatu ditu Hego Sudanek bi urtean

Gainera, gatazka hasi zenetik, 1.500 haur hil direla eta 900.000 inguruk bizilekuz aldatu behar izan dutela salatu du UNICEFek.

Haur soldadu bat Afrikan. Artxiboko irudia: EFE
Haur soldadu bat Afrikan. Artxiboko irudia: EFE
Haur soldadu bat Afrikan. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Sudango haurren egoerak okerrera egin du 2015ean. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (UNICEF) argitaratutako datuen arabera, duela bi urte gatazka armatua hasi zenetik, 16.000 haur soldadu bihurtu dituzte.

Soldadu gisa borrokatzen ari diren haur horiez gain -1.500 haur hil dira-, 900.000 inguruk bizilekuz aldatu behar izan dute, 11.000 beren gurasoengandik bereizi dituzte eta milioi bat inguruk nutrizio arazoak dituzte.

UNICEFek azpimarratu duenez, udan Salva Kiir estatuburuak eta Riek Machar presidenteorde ohiak bake akordioa sinatu bazuten ere, "haurren egoera larria da eta ez dago hobekuntza zantzurik".

Mutikoek mezulari, zerbitzari edota borrokalari gisa jarduten dute. Bestalde, neskak esklabo sexual edota buruzagi armatuen emazte izatera behartzen dituzte.

Hego Sudanen gatazka armatua bizirik badago ere, oraindik desmobilizatu gabe dauden adingabeei babesa ematen ari da UNICEF. Ildo horretan, Cobra talde armatuak 1.755 haur soldadu askatu ditu Pibor estatuan eta Nazio Batuen Erakundea askatutako haur horiek beren familiekin elkartu nahian ari da.

Haurren Eskubideen buruzko Konbentzioak haurrak soldadu gisa erabiltzea eragozten du. Dena den, 51 talde armatuk haurrak erabiltzen dituztela salatu dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Gaurko azken ordukoa Umeak