Mundua -

Botere-abusua

Thailandiako lehen ministro ohiari 1.024 milioi konfiskatu dizkiote

Thaksin Shinawatra errudun dela erabaki du Auzitegi Gorenak, botere-abusua egitea eta Gobernuan izan zen bost urteetan Estatuari 1.778 milioi euroko galerak eragitea egotzita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Thailandiako Auzitegi Gorenak 1.024 milioi euro konfiskatu dizkio Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiari, 2006an boteretik kendu zuen matxinadaz geroztik ibilgetu zizkioten ondasunen zati bat, alegia.

Shinawatraren eta haren senideen 1.703 milioi euro ibilgetuta ditu Thailandiak ordutik, legez kanpo aberastea egotzita.

Aurretik errudun zela erabaki zuen Auzitegi Gorenak, botere-abusua egitea eta Gobernuan izan zen bost urteetan Estatuari 1.778 milioi euroko galerak eragitea leporatuta.

Agintari ohiaren aurkako salaketa berriei atea ireki die epaiak. Shinawatra erbestean dago.

Shinawatrak botere-abusua egin duela azaldu dute Goreneko bederatzi epaileek. Horrela, Shin Corporation enpresa taldearen salmentan zerga-salbuespena eman zuen agintari ohiak. Shin Corporation taldearen jabeak ziren Shinawatra eta haren senideak. 2006an Singapurreko Temasek konpainiari saldu zioten 1.900 milioi dolarren truke.

Erbestea

Lehen ministroa ohia 2001etik matxinadara arte izan zen Thailandiako Gobernuan. Epaia ezagutu aurretik, erbestetik sententzia onartuko zuela esan du Shinawatrak eta bere jarraitzaileei gauza bera egitea eskatu die.

Segurtasun indarretako 35.000 bat agente dira Bangkoken, epaiketaren ondorioz sor daitezkeen istiluak ekiditeko.

Shinawatraren jarraitzaileek eta kontrakoek mantentzen duten borrokaren ondorioz krisi sakona bizi du Thailandiak. 2008an bi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten agintari ohiari ustelkeria delitu batengatik, Pojaman emaztearen ondasun bat Estatuari saltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea