Mundua -
Magreben atxikita
Al Kaidak bahitutako italiarrak laguntza eskatu dio Berlusconiri
Bahitzaileek ezarritako ultimatuma agortzeko ordu gutxi falta direla, bahitua bere emaztearekin dago atxikita eta lehen ministro italiarrari negoziaketetan zuzenean parte hartu dezala eskatu dio.
Erredakzioa
Bere emaztearekin batera Magreben Al Kaidak bahituta duen italiarrak laguntza eskatu dio Silvio Berlusconi bere herrialdeko lehen ministroari, negoziaketetan zuzenki parte hartu dezala eskatuz bizia salbatu ahal izateko.
Bahitzaileek ezarritako ultimatuma agortzeko ordu gutxi falta direla egin dute publiko komunikatua.
Bahitzaileek zabaldu duten audio grabazio batean, bahituak bikotearen askapena "Gobernu italiarraren erabakien eskutan" dagoela adierazi du.
"Lehen ministroa bere eskuzabaltasunagatik da ezaguna. Ni eta nire emaztea laguntzea espero dut", dio 65 urteko italiarrak grabazioan.
Bikote italiarra iragan abenduaren 18an bahitu zuten Mauritaniako basamortuan, Maliko mugatik oso hurbil. Bahitzaileek bi bahituak hil egingo dituztela mehatxatu dute, haien eskariak martxoaren 1 baino lehenago betetzen ez direla ikusiz gero.
Hedabide italiarren arabera, bahitzaileek Malin atxilotutako lau islamiarren eta Mauritanian kartzelan sartutako kide baten askapena eskatu dute. Lau islamiarrak askatu egin dituzte dagoeneko, baina bigarren eskaria betetzea zaila da, Mauritaniako agintariek ez baitituzte terroristen eskakizunak bete nahi.