Mundua -
PARISKO ATENTATUAK
Bataclaneko hirugarren erasotzailea identifikatu dute
Polizia-iturriek jakitera eman dutenez, Estrasburgokoa da identifikatutako hirugarren jihadista. Siriara bidaiatu zuen 2013. urtearen bukaeran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bataclan kontzertu-aretoaren aurka azaroaren 13an egindako atentatuaren hirugarren erasotzailea identifikatu du Frantziako Poliziak. Lehen informazioen arabera, frantziarra da, Estrasburgon jaiotakoa. Horren izen-abizenik, baina, ez dute oraindik jakitera eman.
France Info irrati-kateak zabaldu duenez, duela bi urte Siriara joan zen, bertako talde jihadistekin bat egitera.
Ikertzaileek uste dute Mourad Fares jihadistak sartu zuela Estatu Islamikora hirugarren erasotzailea. Frantzian EIrako kideak biltzeagatik da ezaguna Fares.
Bataclanen aurkako erasoa hiru gizonek egin zutela baieztatu dute ikertzaileek: kontzertu-aretoan sartu ziren, eta bertan zeuden 89 lagun hil zituzten, tiroka, eta ehunka lagun zauritu. Ondoren, hiru erasotzaileek euren buruaz beste egin zuten, gerrian zeramatzaten lehergaiak eztandarazita.
Poliziaren arabera, Sami Aminour izan zen erasotzaileetako bat, 28 urteko paristarra. Siriara 2013an egindako bidaia baten ostean, Frantziako Poliziak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen, ezarrita zuen kontrol-judiziala urratzeagatik.
Beste erasotzailea Ismail Omar Mostefai izan zen, 29 urteko frantziarra, Courcouronnes udalerrian jaiotakoa. Aurrekariak zituen, besteak beste, drogekin lotutako delituengatik.