Mundua -

Balantze ofiziala

Txilek 279ra murriztu du lurrikararen ondorioz hildakoen kopurua

Aurreko zenbaketek 800dik gora kokatzen zuten heriotzen kopurua. 6,3 graduko lurrikara berri batek Txile astindu du, epizentroa Antofagastan izan du, Txile iparraldean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan larunbatean Txileko erdigunea eta hegoaldea jo zuen lurrikarak eta horren ondorioz sortu zen tsunamiak utzitako hildakoen balantze ofiziala 279ra murriztu dute bertako agintariek, nahiz eta aurreko zenbaketek 800dik gora kokatu heriotzen kopurua, Patricio Rosende Barne ministro ordeak jakitera eman duenez.

Michelle Bachelet buru duen Gobernuaren bozeramaileak ez du zehaztu zergatik aldatu diren horrenbeste agintariek emandako kopuruak. Azaldu duenez, azken balantzeak erabat baieztatuta dauden hildakoak aipatzen ditu.

Hiru eguneko dolua

Rosenderen esanetan, presidenteak hiru eguneko dolu nazionala ezarriko du tragedia dela eta. Neurria datorren igandean jarriko dute indarrean. Gobernuak Txileko banderak etxeko leihoetan jartzeko deia egin zien herritarrei Richter eskalan 8,8 graduko indarra izan zuen lurrikararen ondorioz hil zirenen senideei elkartasuna erakuste aldera.

Bestalde, Txilek atzeratu egingo du apirilaren 3ra arte neguko ordutegia, printzipioz martxoaren 13an jartzen dutena.

6,3 graduko lurrikara berria

Lurrikara berri batek Txile astindu du. Lurrikara 6,3 gradukoa izan da eta epizentroa Antofagastan izan du, Txile iparraldean, adierazi du Carmen Fernandez Larrialdietako Bulego Nazionalaren zuzendariak.

Epizentroa 105,1eko sakonean izan du eta Calama hiritik 65 kilometrora jazo da, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak adierazi duenez.

Fernandezek adierazi duenez, gaurko lurrikara ez da izan otsailaren 27ko lurrikararen erreplika.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea