Mundua -
Datu ofizial berriak
Txilek 452ra handitu du lurrikararen ondorioz hildakoen kopurua
Nazio Batuen Elikagaien Mundu-Programak adierazi duenez, 70 gaileta tonako kargamendua daraman hegazkin bat bidali du Txilera eta igandean beste bat bidaliko du.
Erredakzioa
Joan den astean Txilek astindu zuen 8,8 graduko lurrikararen ondorioz hildakoen kopurua 452ra handitu da Gobernuaren datuen arabera. Patricio Rosende Barne ministro ordeak esandakoaren arabera, kopuru hau hatz-markak aztertuta identifikatutako pertsonak dira.
Rosende da ostegunetik hildakoen kopurua plazaratzen duen pertsona eta ez da mintzatu desagertutako lagun kopuruaren inguruan. Izan ere, orain arte 48 desagertu dauden arren, kopuru hori gora egin dezakeela uste du Michelle Bachelet presidenteak.
"Hildakoak pertsonak dira eta ez zenbakiak, beraz, hildakoak zeintzuk diren jakin arte ez dugu daturik esango, soilik biktimak nortzuk diren ziur dakigunean hitz egingo dugu".
Ostegunera arte Gobernuak emandako datuen arabera, 800 baino gehiago ziren lurrikararen ondorioz hildako lagunak, baina antza, ez zuten batuketa ondo egin oraindik desagertuta daudenak eta hilda dauden edo ez baieztatuta ez dauden lagunak batu ziren.
Elikagai laguntza
Bestalde, Nazio Batuen Elikagaien Mundu-Programak adierazi duenez, 70 gaileta tonako kargamendua daraman hegazkin bat bidali du Txilera, gutxienez 35.000 ume bost egunetan elikatu daitezen.
Nazio Batuen Erakundeak elikagaiekin bidaltzen duen lehenengo hegazkina da hau eta igandean beste bat bidaliko du.